Toshackek Realaren urrezko eta brillantezko intsignia jasoko du Real Madrilen aurkako partidan

Realak urrezko eta brillantezko intsignia emango dio John Benjamin Toshacki irailaren 14an Anoetan, Realeko mutilek Real Madrilen aurka jokatuko duten neurketan. Galestarra klub txuri-urdinaren “historiako entrenatzailerik garrantzitsuenetako bat” izan dela nabarmendu du Realak.
Talde txuri-urdina gehien zuzendu duten entrenatzaileen artean bigarrena da Toshack; guztira, 386 partida. Hiru garaitan izan da talde donostiarraren entrenatzailea: 1985-1989, 1991-1994 eta 2001-2002, eta igande honetan 40 urte beteko dira txuri-urdinekin debuta egin zuenetik. 1987an, galestarra entrenatzailea zela, Realak Espainiako Kopa irabazi zuen.
Bere entrenatzaile ibilbidean, Real Madrilen ere aritu zen, eta, hain zuzen ere, talde madrildarraren aurkako partidan jasoko du oroigarri preziatua. Realak apirilean iragarri zuen bost jokalari ohiri eta entrenatzaile bati emango ziela intsignia hori, eta, hain justu, Toshack zen entrenatzaile hori. Hala ere, maiatzean, Imanol Alguacilek ere jaso zuen aitortza berezia.