Aske utzi dute Jose Mari Dorronsoro euskal preso donostiarra, 32 urteren ondoren

Jose Mari Dorronsoro Malasetxeberria euskal preso donostiarra guztiz aske gelditu zen pasa den asteburuan, guztira 32 urtez preso egon ostean. Egiako presoak etxean bete du zigorra azken hilabeteotan, kontrol neurriekin, baina pasa den ostiralean guztiz aske utzi zuten.
1990eko hamarkadan espetxeratu zuten lehenengo aldiz Dorronsoro, Frantzian, 38 urte zituela. Zazpi urte inguru pasatu zituen preso Frantzian, eta Espainiara estraditatu zuten 2001ean. Espainiako Auzitegi Nazionalak 26 urteko espetxe zigorra ezarri zion 2002an, ETAk 1987an egin zuen atentatu batekin lotuta. Gerora, hamasei urteko beste zigor bat ere ezarri zioten.
Dorronsororen senideek, Sare Herritarrak eta Etxerat elkarteak sarritan salatu izan dute Espainiako Justiziak ez dizkiola Dorronsorori kontuan izan Frantziako espetxeetan egindako urteak; horregatik, hain zuzen ere, 32 urte pasatu ditu preso guztira. Urte horietan, Frantziako eta Espainiako hainbat kartzelatatik pasatu da, 2021ean Euskal Herriratu zuten arte.
Iruñeko espetxean sartu zuten orduan —Puerto III espetxean zegoen, Cadizen (Andaluzia, Espainia)—, eta, 2022an, Martuteneko kartzelara ekarri zuten. Aipatu moduan, kontrol neurriekin etxean bete du bere zigorra azken hilabeteotan, eta, orain, guztiz aske gelditu da, 70 urte ingururekin.