Ostiralean hasiko dituzte Loiolako trafikoa berrantolatzeko lanak
Asteartera arte, irailak 2, ezingo da auzora sartu, bertatik autoarekin ibili edo aparkatu.

Loiola auzoko hainbat kaleren zirkulazio noranzkoa aldatzeko lanak hasiko dituzte bihar, hilak 29, eta asteartera arte, irailak 2, aurrera eramango dituzte. Denbora tarte horretan, trafikoan eragin nabarmena izango dute lanek.
Auzorako sarrera berria kuartelen biribilgunea izango da, Urdinzu zubiaren albotik, eta, beraz, Aralar Mendilerroa eta Urbia kaleek noranzkoa aldatuko dute. Zubiondo, Urbasa Mendilerroa eta Plazaburu kaleetakoa ere aldatuko da, auzo barneko trafikoa berrantolatzeko.
Udal arduradunen esanetan, aldaketa horiek Loiola auzoko mugikortasunaren diseinu berriaren parte dira, ibilgailuen joan-etorriak optimizatzeko, eta auzotarren eta auzora joaten diren pertsonen zirkulazioa errazteko. Horrenbestez, asfaltatze lanak eta seinaleztapen bertikal eta horizontalari lotutakoak gauzatuko dituzte, bihar 08:00etatik asteartera bitartean, meteorologiak aukera ematen badu.
Ondorioz, debekatuta dago auzoan sartzea, zirkulatzea, eta aparkatzea, garaje partikularretan izan ezik; aparkatzeko aukera gisa, GI-20 errepideko taulen azpian dauden aparkalekuak erabiltzea gomendatu dute. Saltokietako zamalanetarako ibilgailuen zirkulazioa larunbateko, hilak 30, 11:00ak arte baimenduko dute.