'27 noches' film uruguaitarrak hasiko du aurtengo Zinemaldiaren Sail Ofiziala

Daniel Hendler (Montevideo, 1976) zuzendariaren 27 noches filmaren mundu estreinaldiak inauguratuko du 73. Donostia Zinemaldiaren Sail Ofiziala, hilaren 19an; itxi, berriz, Kasia Adamik (Varsovia, 1972) zinemagile poloniarraren Winter of the Crow lanak, hilaren 27an, lehiaz kanpo.
Hendlerrek 27 noches filma zuzentzeaz gain, protagonista gisa parte hartu du. Bertan, Marilu Marini aktoreak emakume aberats bat hezurmamitzen du, bere nahiaren kontra, alabek psikiatriko batean sartuko dute. Uruguaitarrak Zinema Eraikitzen Saria irabazi zuen Norberto apenas tarde (2010) lanarekin eta sail berean parte hartu zuen ere El candidato (2016) filmarekin, Koprodukzio Foroan hautatua izan ondoren. Aurten beste film bat du programatuta Zinemaldian, zehazki, Horizontes Latinosen: Un cabo suelto.
Winter of the Crow thrillera, aldiz, Polonia, Erresuma Batua eta Luxenburgok batera ekoitzitako lana da. Olga Tokarczuken –2018an Literaturako Nobel saria jaso zuen egilearen– narrazio labur batean oinarrituta dago. Gerra Hotzean girotua, Leslie Manville aktore britainiarra du protagonista. 1981eko abenduan Poloniara mintzaldi bat ematera iritsitako irakasle britainiar baten istorioa kontatzen du, jakin gabe justu orduan gerra-legeari hasiera emango zitzaiola.
Film horien proiekzioa, beraz, inaugurazio eta amaiera ekitaldien ondoren egingo dute. Hain zuzen ere, gala horietarako eta Jennifer Lawrence aktoreari Donostia Saria emateko ekitaldirako (hilak 26) sarrerak bihar, hilak 2, salgai jarriko dituzte, 10:00etan hasita, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan. Kursaaleko inaugurazio galarako eta amaierako ekitaldietarako sarrerak 80 euroko prezioa dute gune orokorretan eta 95 eurokoa, B. gunean. Bestalde, Donostia Saria emateko sarreren kostua 50 eurokoa da gune orokorretan eta 55 eurokoa, berriz, B. gunean. Belodromoko saio hirukoitzerako sarrerak —film sorpresa, amaiera ekitaldia, Winter of the Crow filmaren proiekzioa—, bestalde, 15 eurotan eskuragarri izango dira.
Bigarren urtez, Zinemaldiko galak El Terratek idatzi eta zuzenduko ditu. Inaugurazioa ekitaldia Silvia Abril, Toni Acosta eta Itziar Ituño aktoreek aurkeztuko dute, hilaren 19an, 20:30ean. Bertan, Esther Garcia ekoizleak Donostia Saria jasoko du eta Fipresci Sari Nagusia ere emango dute. Horrez gain, epaimahai ofizialeko kideak aurkeztuko dituzte. Gala zuzenean ikusgai izango da TVE eta ETB1 kateetan, eitb.eus eta RTVE plataformetan eta Zinemaldiaren webgunean. Hilaren 27an, Itsaso Arana aktore nafarrak aurkeztuko duen amaiera ekitaldia ere bide beretik ikusgai izango da. Bertan, ohi denez, sari banaketa ere aurrera eramango dute, 21:00etan hasita.
Bestalde, Jennifer Lawrenceri Donostia Saria emateko ekitaldia hilaren 26an, ostirala, izango da, 18:00etan, Kursaalen. ETB4n eta eitb.eus-en zuzenean emango da eta La 2 katean, berriz, diferituan. Donostia Sariaren proiekzioa Lynne Ramsayren Die My Love filma izango da.