Euriak ez ditu Abuztuaren 31ko oroitzapen jarduerak gelditu

Hilabete amaieran presente egon den euria nagusi izan zen igande osoan ere, eta eguraldi txarrak kolokan jarri zituen Abuztuaren 31eko oroitzapen ekitaldiak. Udal ordezkariek zenbait jarduera bertan behera uztea hausnartu bazuten ere, ia bere osotasunean gauzatu zuten prestatutako egitaraua.
Goizean, elizkizuna eta lore eskaintza egin zituzten Portaletan. Han, hiriko bandera eta lore sorta bat utzi zituen Eneko Goia alkateak. Arratsaldean, Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren arteko kanoi hotsa ez zuten aurrera eraman, bai, ordea, haren ondorenerako prestatuta zeuden desfilea, hiriaren setioaren antzezpena, gazteluaren erasoa eta hiriaren erreketa. Urtero moduan, Abuztuaren 31ko kalean argiak itzali eta kandelak piztu zituzten, zeremonia paseoa egiteko. Santa Zezilia, Easo eta Gaztelupe koruen emanaldiarekin batera amaitu da oroitzapen eguna.
1813an hirian gertatutakoa gogoratzeaz gain, aurten, Palestinak bizi duen sarraskia ere presente izan zen. Wellingtonek urte hartan Donostian egindakoa Netanyahu Gazan egiten ari denaren berdina dela zioen pankarta jarri baitzuten Parte Zaharrean.



























