'Gaua' filmaren aurrerapen txiki bat aurkeztu dute
Ane Gabarain aktore donostiarra da Paul Urkijo zinemagilearen laneko protagonistetako bat.

58. Sitges Film Festivalean estreinatuko da Gaua, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarrarekin hirugarren filma. Urrian izango da hori, eta azaroaren 14an iritsiko da zinema areto komertzialetara. Aurrerapen gisa, pelikularen trailer labur bat sareratu dute.
Gaua filmeko protagonistak lau emakume dira, eta horietako bat da Ane Gabarain aktore donostiarra. Yune Nogueras, Elena Irureta eta Iñake Irastorza dira beste hiruak. Aipaturiko aktoreez gain, Xabi Jabato, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Uriz aktoreek ere parte hartu dute, besteak beste.
Euskal mitologia du oinarri pelikulak, eta “fantasiaren eta errealitate historikoaren” artekoa da. Urkijok XVII. mendeko Euskal Herrian girotu du istorioa. Hauxe da filmaren sinopsia:
“Sorgin ehiza betean, Kattalin, senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista”.