Partikulen fisikako nazioarteko 100 aditu elkartuko dira Donostian

Lehenengo aldiz, Euskal Herrian egingo dute IWHSS fisika kongresua (International Workshop on Hadron Structure and Spectroscop), eta Donostian izango da, EHUren Ibaetako campusean. Gaurtik (irailak 1) hilaren 5era izango da 21. IWHSS kongresua: “Bost egunez, Asiako, AEBetako eta Europako hainbat unibertsitate eta ikerketa zentrotako 100 fisika ikertzailek baino gehiagok eztabaidatuko dute nukleoien (protoiak eta neutroiak) eta hadroien egituraren azterketan egin berri diren aurrerapenei buruz”, azaldu du EHUk.
Unibertsitate publikoak gaineratu duenez, Kromodinamika Kuantikoarekin (QCD, ingelesez) lotutako beste hainbat gairi buruz ere hitz egingo dute, besteak beste, Partikulen Fisikaren Eredu Estandarra izenez ezagutzen denaren barruko teoriaz: “Horren helburu orokorra da materiaren bihotza, egitura eta propietateak maila subatomikoan ezagutzea, protoi baten tamaina baino distantzia txikiagoetan; gai horiek, gainera, funtsezkoak dira, besteak beste, munduko partikulen azeleragailu guztietan egiten diren ikerketa programetarako, gaur egungoetarako, zein CERN, AEBetako Electron-Ion Collider edo etorkizunekoetarako, talka egiten edota hadroiak sortzen baitituzte”, azaldu du Miguel Garcia Etxebarria udako ikastaroko zuzendari eta EHUko partikulen fisika ikertzeko taldeko kideak.
EHUko Particle Physics ikerketa taldea sortu berri den EHU Quantum Centerren parte da, eta Particle Physicisen zeregin nagusia partikulen fisika aztertzea da, EHUk nabarmendu duenez: “Gaur egun, hiru ikertzaile/irakasle iraunkorrek osatzen dute, eta ikasturte berrian bi Ikerbasque Fellows ikertzaile batuko zaizkie. Gainera, doktoratu ondoko ikertzaile bat eta doktoregoko bost ikasle ditu, masterreko eta graduko hainbat ikaslerekin batera. Gaur egun, QCDren fisika du ikerketa ildo nagusi, bai teorikoa, bai esperimentala, bai neutrinoen eta astrofisikaren fisika”.