Putre bat agertu da Martutenen

Sai arre bat agertu da astelehen eguerdian Martuteneko Goizueta kalean eta, auzotarrek azaldu dutenez, asteburuan Okendotegi inguruan ere agertu zen, baratzeen eremuan. Bizilagun batzuek abisua eman zuten, eta bertaratu ziren basozainek ezin izan zuten harrapatu. Hala ere, inguruan jarraitzen du, aipatu moduan, Goizueta kalean agertu baita gaur.
Basozainek bizilagunei azaldu zietenez, putre gazte bat da auzoan agertu dena, bere kabuz bizitzen hasi berri dena eta, janaria aurkitzen ez duenez, ahul dagoena. Horregatik agertu da Martuteneren moduko zona urbano batean, beste batzuetan gertatu izan den moduan; 2023an, esaterako, antzeko gertakariak izan ziren Amara Berrin eta Herreran. Basozainek Martuteneko bizilagunei azaldu zietenez, azken bi hilabeteotan hamar sai arre gazte harrapatu dituzte inguruko zona urbanoetan.