San Bartolomeren erabilerei buruzko hausnarketa sustatzeko online erakusketa abiatu du herritarren plataformak

San Bartolome herritarren plataformak online erakusketa abiatu du San Bartolome mendi hegalak hiri parke publiko gisa eskaintzen dituen aukerak erakusteko. Horren bidez, herritarrei mendi hegalaren ezaugarriak ezagutarazi eta eztabaida parte hartzailea sustatu nahi dute. Hala, udalari proposatu beharreko parke eredu eta erabilerei buruzko ideien eztabaida bideratzeko baliogarritzat jo dituzten irudiak eta datuak batu dituzte.
Irudi bilduma, adimen artifizialarekin sortutakoak, hilaren 1ean jarri dituzte ikusgai plataformasanbartolome.com webgunean, “donostiarren deliberazioa eta parte hartzea errazteko datuak eta irudiak eskaini”. Gainera, iruzkinen atalean iritzi eta proposamenak egiteko aukera dute herritarrek.
Kideen esanetan, plataforma “tokiko demokrazia suspertzen” saiatzen ari da, tresna teknologikoen laguntzarekin. Horregatik, “herritarren lobby bat aktibatzen dugu, adimen kolektibotik, gardentasunerako eskubidea eta erabakiak hartzerakoan parte hartzekoa erabiltzeko, interes orokorraren mesedetan eta oraindik mehatxu den merkataritza gune baten hirigintza-proiektu espekulatiboaren aurrean”.