Ura Bere Bidean kontzertu arrakastatsua Donostian ere izango da
'Kantuz' ikuskizunak Euskadiko Orkestrako musikariak eta 25 euskal artista eta talde batuko ditu abenduaren 13an, Illunben.

Ura Bere Bidean egitasmoa Donostiara iritsiko da abenduan; hilaren 13an, Illunbera, hain zuzen ere. Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrako musikariek, Euskal Herriko 25 artista eta taldek eta hainbat abesbatzak bat egingo dute agertoki gainean, kantu ezagunen bertsio sinfonikoak jo eta kantatzeko.
Ipuskoaren milurtekoaren ospakizunaren barruan, artista hauek hartuko dute parte emanaldian: Süne, Eider, Neomak, Amak, Idoia, Maren, Olatz Salvador, Nøgen, Sua (Ane Barrenetxea), Eñaut Elorrieta, Skakeitan (Pello Armendariz), Xabi Solano, En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Zea Mays (Aiora eta Piti), Gozategi, Betagarri (Iñaki Ortiz de Villalba), Mikel Urdangarin, Leihotikan, Urtz (Xabi Camarero), Sorotan Bele, Su Ta Gar (Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida), Doctor Deseo (Francis), Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Urko.
Abenduaren 13rako, larunbaterako, sarrerak Ura Bere Bidean komunitatearentzat (aurreko kontzertuetarako sarrerak erosi edo webgunean izena ematen dutenentzat) egongo dira eskuragarri lehenik, irailaren 3an, asteazkena, 10:00etan; publiko orokorrarentzat hurrengo egunean, irailak 4, 10:00etan.
Sarreren eskari handia egonez gero, arduradunek iragarri dute abenduaren 12an, ostirala, bigarren saioa egingo litzatekeela.