Aho-hortzetako patologiak prebenitzeko eta osasuna sustatzeko zerbitzua eskainiko dute Abegi Etxean

Donostiako Udalak eta Easo Politeknikoak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, Abegi Etxea udal harrera zentroko erabiltzaileekin aho-hortzetako alterazioak eta patologiak prebenitzeko programa bat garatzeko eta osasuna sustatzeko jarduerak egiteko.
Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak hitzarmena onartu du astearte honetan, eta Eneko Goia alkateak azaldu duenez, “hitzarmen horri esker, Donostiak kalitate handiagoko arreta eskaini ahal izango die harrera sozialeko zentroaren erabiltzaileei, eta, aldi berean, Politeknikoko lanbide heziketako ikasleei esperientzia praktiko bat eskaini ahal izango die, testuinguru erreal eta sozialki konprometitu batean”.
“Hitzarmenak aukera ematen du aho-hortzen higieneko zikloko ikasleen prestakuntza praktikoa eta gizarte ingurunean esku hartze zuzena bateratzeko, higienistak osasun agente gisa duen zeregina indartuz eta ikasleentzat zein erabiltzaileentzat eragin positiboa sortuz”, gaineratu du alkateak. Ildo beretik, Goiak azaldu du aho-hortzen oinarrizko arreta “funtsezko zainketen” parte dela: “Pertsona ororen higienea eta ongizatea bermatzeko, eta gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonen kasuan, hala nola, Abegi Etxean artatutakoen kasuan, zerbitzu horiek eskuratzeko oztopo handiagoak dituzte”.