Euskal Jaietan parte hartzeko deiadarra
Bihartik hilaren 14ra luzatuko da hamaika eguneko jai egitaraua.

Kontxako Banderaren emakumezkoen sailkatze estropadarekin bihar hasiko dituzte hamaika egunez luzatuko diren Euskal Jaiak. Askotariko 60 jarduera baino gehiagok osatzen dute hilaren 3tik 14ra bitartean aurrera eramango duten egitaraua eta horren berri eman du astearte goizean Kultur zinegotzi Jon Insaustik. Jai hauen bidez, “gure sustraiekin konektatzeko, gure kulturaz, kirolaz eta tradizioez gozatzeko”, nabarmendu du eta zenbait zertzelada eman datozen egunetan herritarrek aukeran izango dutenaz.
Kantu jira, sueltoko txapelketa, poesia orduak, erromeria, muxikoak, haurrentzako jarduerak… Hamaika aukera eta bide izango dira tradizioan sakontzeko. Ekitaldi sinbolikoenetako bat Gaztelu Eguna izango da. Abuztuaren 31n 1813an hiria nola erre zuten oroitu ondoren, Zubietan batu zen udalbatzak hiria zein oinarrietan eraiki erabaki zuen gogoratzeko unea dator. Larunbatean, hilak 6, burutuko dute. Jardunaldiari 11:30ean ekingo diote Trinitate plazatik Urgulleko Motako gaztelura martxa batekin, 12:30ean Santa Maria elizaren atariak geldituko dira kapitulazioak irakurtzeko. 14:30ean, berriz, bazkari herrikoia egingo dute Urgulleko matxoan, eta ondoren, 17:00etan, erromeria, Santiago baterian. Gaztelutik jaitsiera 18:45ean egingo dute, ingelesen hilerrian geldialdia eginez, eta amaiera ekitaldia Bulebarreko kioskoan, 20:30ean.
Edonola, horren aurretik, Kontxako Banderako sailkapen estropadak izango dira lehen hitzordua, emakumezkoena, bihar, eta gizonezkoena, etzi. Biak, 18:00etan. Igandean, hilak 7, berriz, jendetza bildu ohi duen lehenengo jardunaldia jokatuko dute, emakumezkoek, 11:00etan eta gizonezkoek, 12:00etan. Asteburu geroago, finalak ere ordu berean izango dira. Garrantzitsuena izangatik, arrauna ez da Euskal Jaietako kirol jarduera bakarra. Horrez gain, Bola txapelketa, Urgulleko Krosa, esku pilota txapelketa eta igeriketa zeharkaldia ere aurrera eramango dituzte.
Sagardo Eguna, larunbatean
Jende andana biltzen duen beste ekitaldietako bat Sagardo Eguna da. 3.000-4.000 lagun inguru bertaratu ohi dira, eguraldiaren arabera. Iragarpenak baikorrak dira, beraz, Plaza Berrira lagun asko joatea espero dute larunbatean, hilak 6, 11:00etatik 14:00etara bitartean.
Ekitaldiaren xehetasunak Sagardogileen Elkarteko Olatz Mitxelenak eman ditu. 32 ekoizle bilduko dira eta euskal sagardoaz gain bestelako produktuak ere ekarriko dituzte. Mitxelenak nabarmendu du online dendan 122 produktutik gora dituztela: muztioak, sagardo apardunak, premiumak, ciderrak… 2025eko lehen uztako sagarrekin egindako muztioa dastatzeko aukera ere izango da. “Donostiari aukera hori ematen diogu, gure lehen muztioa dastatzen dugu Euskal Jaien barruan eta Sagardo Egunaren barruan”, zehaztu du Mitxelenak.
8 euroren truke hamar trago hartu ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Kopa 2 euroan eskuragarri izango da eta hura itzultzean, bueltan jasoko dira. Mokadu bat egiteko aukera ere izango da. Aurten, Petritegi sagardotegiaren pintxoak beharrean Txomin parrillak prestatutako Eusko Label xolomo burua eta txorizo egosia izango dira aukeran. Horrez gain, hiru etxe omenduko dituzte: plazan izango diren Andoaingo Gaztañaga eta Urnietako Elutxeta; eta ateak itxi dituen Hernaniko Otsu Enea; eta Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze ariko dira bertsotan.
Askotariko aukerak
Poesiak eta musikak ere tarte garrantzitsua dute egitarauan. Astelehenean, hilak 8, Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa errezitaldia egingo dute Viktoria Eugenia Klub aretoan Jon Martin eta Irati Odriozolak, 19:00etan. Asteartean, hilak 9, ordu eta leku berean, Julio Villar bidaiari eta idazlea omenduko dute Eh, Petrel! lanaren irakurketa musikatuarekin. Asteazkenean, hilak 10, 19:00etan, Itzalen Tektonika ikuskizun poetiko-musikala aurkeztuko dute, Itxaro Bordaren izen bereko liburuan oinarritua.
Era berean, Trinitate plazan erromeria bat egingo dute hilaren 12an, musikaren bidez feminismoa aldarrikatzen duten bost emakumez osatutako Zatekeen taldearekin. Biharamunean, Muxikoekin hasiko dute eguna, Plaza Berrian, 12:00etan; eta ondoren, XVII. Larrain Dantza, 13:30ean. Gauean, 22:00etan, aldiz, Donostia Bertsotan gauzatuko dute Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Alaia Martin bertsolarien parte hartzearekin.
Gastronomiak ere ez da faltako. Ostiralean, hilak 12, VII. Marmitako lehiaketa, eta larunbatean, hilak 13, XIII. Legatz lehiaketa. Horien aurretik, larunbat honetan, hilak 6, Gipuzkoako Tomate Lehiaketa aurrera eramango du Gastronomia Anaiarteak. Bulebarrean. Azken horren berri, elkarteko kide Jon Begiristainek eman du. Edonork parte har dezake bere ekoizpena aurkeztuta. “Tomateak erein, landatu, kimatu eta zaintzen ditu jendeak inguruarekin lotura bat sortzeko. Dastatzearen eta jatearen bidez gauzatzen da, baina prozesu baten emaitza da”. Bide horretan lehen pausoak eman ditzaten, maiatzeko lehen asteburuan landareak oparitzen dituzte, zehazki, bertako lau barietaterenak, eta horien emaitzak ekartzea espero dute. Izan ere, Parte hartzeko, bertako barietateak aurkeztu behar dira, ez hibridoak ezta artifizialki sortuak ere. Bulebarreko kioskoan jasoko dituzte 10:30ean eta tarte batez ikusgai egon ondoren, dastaketari ekingo diote. 13:30ak aldera amaitu, eta hiru sari banatuko dituzte. Amaieran, aurkeztutako tomateak moztu eta jendeari jaten emango dizkiote.
“Festarako deia”
Aurtengo kartela, Asier Iturralde Gaston ilustratzaileak egin du, iazko estropadetako kartelaren egilea ere badena, besteak beste. Festarako deia izenekoa, tradizioa eta modernitatea uztatu nahi izan ditu eta geroari begirada bat bota. “Euskal Jaiak, garenaren ospakizuna, sustrai sakonak dituen eta bizirik eta indartsu irauteko etengabe berritzen den kultur adierazpena. Tradizioak eta orainak eskua ematen diote elkarri, eta bat egiten dute etorkizunera begira. Txalapartaren bidez festarako deia egiten duen kartelak kontzeptu horiek guztiak ilustratu nahi ditu. Txalaparta, bere erritmoa eta bere soinua, estetika moderno, minimalista, iradokitzaile eta alaiarekin irudikatuak”.