Gladys del Estal pasabidea eta igogailua itxita egongo dira lau egunez

Irailaren 4tik 7ra (ostegunetik igandera), mantentze lanak egingo dituzte Gladys Enea parkea eta Urumea pasealekua lotzen dituen Gladys del Estal pasabidean. Hori dela eta, Donostiako Udalak jakinarazi duenez, pasabidea bera eta igogailua itxita egongo dira lau egun horietan.
Honako esku hartze hauek egingo dituzte pasabidean: gainazala presiozko urarekin garbitzea, desinkrustatzaile bereziak aplikatzea zuraren gainazaleko geruzako hondakinak ezabatzeko eta asetasun bidezko konposatu irristagaitza duen olio babeslea aplikatzea, zura elikatzeko eta irristaden aurrean haren segurtasuna bermatzeko. “Egurra babesteaz gain, erabiltzaileen segurtasuna indartzen duen soluzio teknikoa da”, nabarmendu du udalak.
Lanek 6.000 euroko kostua izango dute, eta ekainean egindako esku hartzearen ondoren datoz; orduan, 11.000 euro inbertitu zituzten pasabidean kaltetutako zurak ordezkatzeko.