Iñaki Kijera gogoratu dute Antiguan

Poliziak Iñaki Kijera tiroz hil zuenetik 46 urte bete ziren atzo, eta urtero legez, Antiguan lore eskaintza egin diote. Ehun lagun inguru elkartu ziren Miramar jauregian duen monolitoaren inguruan. Omenaldi ekitaldi xumea izan zen, agurra dantzatu zuten eta bi hitzartze egin zituzten.
Lehenik, Kijeraren lagun batek 18 urteko gaztea eta hil zuten egunekoak gogoratu zituen, “atzo gertatu izan balitz bezala” sentitzen dituenak. Parranda eta mendi zalea, Ramon Vizcaino enpresan lan egiten zuen. Kijeraren kezka handienetako bat euskara zen eta hura berreskuratzen hasi zen: “Bere Herriaren muina eta sustraia bezala sentitzen zuen, eta hemen, Antiguan, hasi zen ikasten”.
“Bizitzaz gozatzen genuen, bai, baina ez genuen ahazten gure inguruan sentitzen genuen zapalkuntza, herri gisa zapalduak, langabezia eta lan baldintza eskasak, gure hizkuntza gutxitua, gure preso eta errefuxiatu politikoak gero eta egoera okerragoan; horrek guztiak kezka handia sortzen zigun eta erantzuteko beharra sentitzen genuen”1979ko ekainean Gladys del Estal Tuteran polizia batek hil ondoren antolatu ziren mobilizazioetan “bete-betean” sartu ziren. Atxilotu eta zauritu ugari izan baziren ere, bi hilabete geroago gertatu zena ez zuten “inola ere ez irudikatu”.
Kijera hil zuten eguneko kontaketari ekin zion jarraian. Irailaren 1ean, preso eta errefuxiatuen eskubideak aldarrikatzeko manifestaziora joan ziren. Poliziak hainbat pertsonari kolpeak eta zauri larriak eragin zizkion, “baina ezin genuen pentsatu zer gertatuko zen gero, arratsaldeko 20:30ak inguruan”, zehaztu zuen. “Hiltzailea ezkutatuta zegoen, norbait hil nahian, horretaz ziur gaude, eta Iñakik ez zuen ikusi. Udaletxeko arkupeetatik atera eta pistolarekin bi tiro bota zizkion. Iñakiren jarrera baketsua zen, baina armaz eraso zioten. Gero, une luzez, hiltzailearen kideek pilota eta borrekin erantzuten zieten Iñakirengana hurbiltzea ausartzen ziren guztiei”. Odol asko galdu zuen Kijerak eta anbulantzian hil zen, Matia kaleko Gurutze Gorrira bidean. “Inoiz ez ditugu ahaztuko polizien algarak, gure minarekiko errespetu falta izugarria, Ijentea kalean, lurrean geratu zen gure lagunaren odolaren gainean nola egiten zuten pixa ere ikusi behar izan genuen”, gehitu zuen.
Hurrengo egun eta hilabeteetan mehatxuak, irainak, jarraipenak, lapurretak… jasan zituztela ere kontatu zuen. Eta are gehiago, hiltzailea eta arduradun politikoak libre geratu zirela. “Inoiz ez dute ordaindu egin zutena, inoiz ez dute azalpenik eman, gezurrak besterik ez, eta are gutxiago barkamena eskatu”, gaitzetsi zuen. Horregatik, zigorgabetasun horrekin amaitzeko borrokan jarraitzea dagokiela uste du. “Estatuak egin dituen krimen guztiak argitzea tokatzen da, konplize izan zirenak salatzea eta ezer gertatu ez balitz bezala bizitzen saiatzen direnak salatzea”.
Kijeraren lagunaren adierazpenen ondoren, antolatzaileetako baten txanda izan zen. Azken bost hamarkadetan gertatutakoa izan zuen hizpide, Kijera oroitzeaz gain, herriaren memoria transmititzen jarraitzearen beharra nabarmendu zuen. “Herri honetan ez delako bake eta bizikidetza egoerarik emango gatazkaren alde bateko biktimak alboratuak eta gutxietsiak diren bitartean. Egia, aitortza eta berriz ez gertatzeko bermea exijitzen dugu, gure memoria askatasun osoz aldarrikatu eta gauzatzeko eskubidearekin batera”.
Presoen aldeko dinamikek eta salaketek dispertsioarekin amaitzea eta errefuxiatu kopurua murriztea lortu badute ere, oraindik ere urratsak egiteko falta direla ohartarazi zuen, haien aldeko mobilizazio eta dinamiketan parte hartzera gonbidatuz. Borroka horretan “bidean geratu diren burkideak” ehunka izan dira, hala nola, Kijera edo aurten fusilatu zituztenetik 50 urte beteko diren Txiki eta Otaegi. Haien omenez hilaren 27an Iruñean aurrera eramango duten ekitaldi nazionalean parte hartzera deitu zituen bertaratutakoan.