Parte Zaharreko haur txokoa hilaren 10ean zabalduko dute

Parte Zaharreko haurtxoko berriak hilaren 10ean abiatuko du bere zerbitzua, anbulatorio zaharreko lehen solairuan. Sarrera Fermin Kalbeton kaleko 25 zenbakian du, haur liburutegia dagoen eraikin berean. Hilaren 10ean eta 11n, haurtxoko berriak ate irekien bi jardunaldi egingo ditu, 17:00etatik 19:30era. Aukera bat izango da haurrek eta helduek espazioa, hezitzaile taldea eta zerbitzuaren funtzionamendua ezagutzeko.
Espazio berriak 237,62 metro koadroko azalera du eta haurrei ingurune “seguru, estimulatzaile eta moldakorra” eskaintzeko pentsatua dago. Zatirik handiena jolasgunerako izango da, horrez gain, hezitzaileentzako bulego bat, tailerretarako bi gela, komunak, biltegia eta garbitzaileentzako gela bat ere baditu. Zerbitzuak hiru hezitzaile eta 40 haurrentzako lekua ditu, horrela, “arreta pertsonalizatua eta laguntza egokia” bermatuko dituzte.
Haurtxokoa irailetik ekainera bitartean egongo da zabalik, asteartetik larunbatera, arratsaldez: asteartetik ostegunera, 17:00etatik 19:30era; ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, 17:00etatik 19:30era. Urrian, Familiarekin jolasean programa aurrera eramango dute, 17:00etatik 18:15era, eta ondoren, ohiko zerbitzua izango da 18:15etik 19:30era. Zerbitzua doakoa da eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea; nahikoa da gurasoek edo arduradunek bazkide fitxa bat betetzea.
Ekipamenduak auzotarren “eskaera historikoari” erantzuten diola nabarmendu du Berdintasun zinegotzi Ane Oyarbidek, “familia askoren kontziliazioa erraztuko duena”. Haurtxokoen udal sareari gehituko zaio, eta, hala, 5 eta 11 urte arteko haurren aisialdi hezitzailerako hamar gune izango ditu Donostiak. Horren helburu nagusia ondo pasaz heztea da, jolasa ikasteko eta garatzeko tresna gisa sustatzen duten jardueren bidez. Oyarbidek gogoratu duenez, “haurtxokoak jolasteko lekuak baino askoz gehiago dira. Haurrek elkarrekin bizitzen, gauzak adierazten eta inguruan duten mundua ezagutzen ikasten dute bertan, errespetua eta sormena oinarri hartuta. Haurrei hazkunde pertsonalean eta komunitarioan lagunduko dien baliabide bat da”.
Halaber, Gazteria eta Hezkuntza zinegotzi Iñigo Garciak azaldu duenez, “haurtxoko berriak eskaintzen dituen espazioen aniztasuna haurren ikuspegi integral baten ondorio da. Haur bakoitzak bere lekua aurkitzea nahi dugu, dela agertokian, dela eraikitzen, taldean jolasten edo bere eskuekin sortzen. Haurren garapenaren dimentsio guztiak estimulatzeko pentsatutako ingurunea da”.
Haurtxokoa egokitzeko eta ekipatzeko inbertsioa 47.927,83 euro izan da guztira, eta Construcciones Ipuru SLri esleitu zaio obra; 18.149,19 euro altzaritarako erabili dira; eta 37.500 euro egokitzapen lanetarako, funts ludikoetarako eta ikus-entzunezkoetarako.