Totoro euskaraz ezagutuko dute milaka ikaslek Zinemaldian

6-11 urteko milaka haurrek aukera izango dute Totoro auzokidea / Tonari no Totoro (Hayao Miyazaki, 1988) filmaren emanaldiaz gozatzeko Belodromoan, Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren barnean. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak elkarrekin antolatuta, animazioko zinema japoniar klasiko honen emanaldiak Miyazakiren mundu liluragarrian sartuko ditu haurrak, euskaraz, gainera. Izan ere, filma euskarara bikoiztuta emango da Belodromoko pantaila erraldoian, eta euskarazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat.
Totoro auzokidea pelikulak landa-etxe batera joan eta izaki magikoak (hala nola Totoro, itxaropena berreskuratzen lagunduko dien basoko izpiritu bat) aurkituko dituzten bi neskaren arteko harremana kontatzen digu.
Miyazaki –2023an Donostia Saria jaso zuena bere ibilbide osoagatik– animaziozko zinemaren munduko maisu nagusietako bat da. Sen to Chihiro no Kamikakushi / Spirited Away (2001) eta Gake no Ue no Ponyo / Ponyo on the Cliff by the Sea (2009) ere eman ziren Belodromoan, 2002an eta 2009an, hurrenez hurren. Ondoren, japoniarrak –Ghibli estudioaren sortzaileetako bat denak– Kaze Tachinu / The Wind Rises (2013) filmarekin parte hartu zuen Perlak sailean, eta 71. Zinemaldiaren inauguratu zuen Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron (2023) lanarekin.
Totoro auzokidea filmaren emanaldiarekin batera “aurkezpen original” bat egingo dutela aurreratu dute, “hainbat ezusteko ere izango dituena”. Basoaren bihotzera bidaiatuko dute ikasleek zuhaitzak, onddoak eta organismo ñimiñoak elkarrekin nola bizi diren eta elkarri nola laguntzen dioten deskubritzeko. Mikromundu sinbiotiko horien eta lurpeko komunikazio-sareen aurkikuntzak basoa ia batere esploratu gabeko ekosistema gisa hautematera eramango gaituzte.
2019az geroztik, Donostia Zinemaldian programatzen diren eskola-zinemako saioek DIPCren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetza dute. Donostia. Zinema Hiria, Zientzia Hiria, 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago joango dira Belodromoko sei saioetara, goizez, irailaren 19an (ostirala) eta 22tik (ostirala) 26ra (astelehena), biak barne.