Txalaparta, «bi pertsonen arteko elkarrizketa»
Zurartean Txalaparta elkarteak irailaren 6an emanaldia antolatu du, 19:30ean, Trinitate plazan.

Sergio Lamuedrak Zurartean Txalaparta elkartea sortu zuen 2012an, inguruan zituen txalaparta zaleekin batera. Elkartearen “funtsa” eskola sortzea zen, horregatik, Lamuedra irakasle moduan hasi zen; eta helburua, hasieratik, txalapartaren hedapena Donostian sustatzea zen.
Ibon Etxeberria, elkarteko lehendakaria, 2020ean hasi zen txalaparta jotzen, “kasualitatez”: “Konfinamenduan, lagun batek olerki liburu bat idatzi zuen eta honen aurkezpen kolektibo bat egin nahi zuela esan zidan. Beraz, aurkezpenean parte hartzeko gonbita pasatu zidan, txalaparta jotzeko aukerarekin batera. Bietako inork ez genekien txalaparta jotzen”. Ondorioz, Leire Tapiaren bitartez Lamuedrarekin harremanetan jarri ziren eta ikastaro batean izena eman zuten.
Prozesu “oso polita” izan zen berarentzat, bidean asko ikasi duelako. Tamalez, duela bi urte bere lagunak klaseak utzi zituen eta Etxeberria bakarrik geratu zen. “Bakarrik ezin da jo, bakarrik ez da txalaparta. Txalaparta jotzeko modua da, bi pertsonen arteko elkarrizketa”, baieztatu du Etxeberriak. Hala ere, elkarteak pertsona desberdinekin jotzeko aukera eman dio eta, azkeneko urtean, gainera, bere semearekin jotzen hasi da.
Horregatik, duela gutxi, Etxeberriak Leire Tapiarekin hitz egin zuen eta elkarteari bultzada emateko unea iritsi zela adostu zuten. Ondorioz, berak lehendakari kargua hartu zuen, eta, esan bezala, txalapartaren hedapena izan zuen helburu, izan ere, “hirian jendeak txalaparta gustuko du baina ez du ondo ezagutzen”.
Hurrengo ekitaldia
Hori lortzeko, txalaparta eskolaren bidez, hainbat jarduera antolatzen hasi dira. Hasteko, Donostian txalaparta festa handi bat egin nahi dute. Gainera, elkarteko kideei kalean jotzeko aukera eskaini nahi diete, adibidez, San Tomas egunean. Eta, aurten, lehen aldiz, ikasleek ikasturte amaierako emanaldia prestatzea nahi dute. Amaitzeko, urteroko legez, sagardotegia antolatuko dute txalaparta librearekin.
Halaber, irailaren 6an emanaldia antolatu dute 19:30ean, Trinitate plazan. Lehendabizi, goizean entsegua izango dute eta, ondoren, beraientzako bazkari itxia. Etorkizunean prestatu nahi duten proiektu handiago batentzat “lehenengo hazia” ipintzea da emanaldi honen helburua.