Urriaren 20an inauguratuko dute GOe eraikina

Basque Culinary Centerren (BCC) Manteoko eraikin berriak, Gastronomy Open Ecosystemek (GOe), badauka irekiera data: urriaren 20a. Inaugurazio instituzionala izango da, BCCk ohar baten bidez azaldu duenez, “agintari garrantzitsuak” hartuko dituena. “GOe proiektu estrategiko bat da, gastronomiaren arlotik etorkizun goxo bati laguntzeko asmoz sortua. Horretarako, ikerketa, ekintzailetza eta goi mailako prestakuntza bultzatzen ditu, talentuaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren bidez, sektorearen erronka nagusiei aurre egiteko”, nabarmendu du erakundeak.
Horrez gain, urriaren 22an, Talaia jardunaldia antolatu dute, GOen bertan, herritarrentzat irekia: “Gastronomiatik itsasora murgil egitera animatzen gaituen eta jaten eta kozinatzen dugunari eta haren inguruko guztiari buruzko eztabaida sustatzen duen topagune berezia izango da. Oraingo honetan, Nazioarteko Kontseiluak, mundu osoan ospetsuak diren chefekin batera eta zenbait diziplinatako eta erakundetako profesionalekin batera, horizontera begiratuko du, eta bide berriak esploratuko ditu etorkizuneko gastronomiarentzat, ideia eraldatzaileen artean nabigatuz eta iraganera begiratu ondoren aukeraz beteriko etorkizun berri bat eraikitzeko helburua duten proiektuak partekatuz”.
Hain zuzen ere, eraikin berrian bilduko da aurten BCCren Nazioarteko Kontseilua, besteak beste, Joan Roca (Herrialde Katalanak), Gaston Acurio (Peru), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Manu Buffara (Brasil), Pia Leon (Peru), Elena Reygadas (Mexiko), Trine Hahnemann (Danimarka), Thitid Tassanakajohn (Thailandia), Josh Niland (Australia), Michel Bras (Frantzia) eta Narda Lepes (Argentina) sukaldari ospetsuek osatutakoa. Basque Culinary World Prize sariko epaimahaia ere osatzen dute sukaldari horiek, eta “haien esku egongo da sukaldarien ekimen eraldatzaileak saritzen dituen sari honen irabazlearen izena erabaki eta iragartzea Talaian”, azaldu du BCCk.
Lan azkarrak eta polemikoak
Hiriko beste proiektu askok atzerapenak izan ohi dituzten arren, GOe eraikineko lanak erritmo bizian gauzatu dituzte. Manteoko zuhaitzak bota ostean, duela urtebete inguru hasi ziren Bjarke Ingels arkitektoak diseinatutako eraikina bera eraikitzen, eta hilabete honetan bukatzea aurreikusten dute.
Proiektuak, ordea, lehenengo egunetik sortu du zalaparta hirian; herritar eta eragile ugari aurka agertu dira hasieratik, baita sarritan mobilizatu ere. Besteak beste, berdegune bat suntsitzeagatik, lursail publiko baten erabilera erakunde pribatu baten esku uzteagatik eta lanek inguru herritarrei sortutako eragozpenengatik izan dira protestak.