Altzako Harri Berri-Oleta ikastetxera helduko da aldundiaren Mugikortasun Astea

Aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egingo du Mugikortasuna Europako Astearekin. Garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak dakartzan onurei buruz sentsibilizatzeko asmoz, Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin egitasmoa aurrera eramango du Gipuzkoako 20 udalerritan, iaz baino zortzi gehiago. Berritasun nagusia, hala ere, lehenengoz ikastetxe batera iritsiko dela da, zehazki, Altzako Harri Berri-Oleta ikastetxera.
Mugikortasun aktiboa eta iraunkorra sustatzeko xedez, hilaren 18an, ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 60 bat ikaslek parte hartuko dute Mugikortasunaren Europako Astearen helburu nagusiekin bat egiten duten eskola didaktikoetan. Jarduera goizez eta arratsaldez aurrera eramango dute. Lehen zatian, hirian segurtasunez ibiltzeko arauak, aholkuak eta gomendioak landuko dituzte modu didaktikoan, eta bigarrengoan, ikasleek bi gurpilen gainean beren trebetasun probatzeko aukera izango du, ikastetxearen kanpoan jarriko duten zirkuitu batean.
Hurrengo egunean, hilak 19, ikastetxera joango da furgoneta-tailer bat, bertan bizikletak aztertu eta prest jartzeko aukera emanez. “Honelako ekimenekin, txikienek gure hiriaren orainerako eta etorkizunerako mugikortasun jasangarria funtsezkoa dela barneratzea nahi dugu, eta haiek direla aldaketa horren protagonistak”, adierazi du Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak.
Hori ez da furgoneta-tailerrak hirian egingo duen geldialdi bakarra. Hilaren 19an, Gipuzkoa plazan ere egongo da 11:30etik 14:30era bitartean. Bertan, bizikletak konpontzeko oinarrizko zerbitzua emango diete Mugi txartel pertsonalizatua aurkezten dutenei, eta halaber, beharrezko laguntza eskainiko diete Mugi txartela eskuratu nahi dutenei. Kanpainan zehar furgoneta tailerrera bertaratzen direnen artean, bi bizikleta eta Mugi txartelaren 20 euroko 60 hornitze zozkatuko dituzte.