Elikagai ekologikoen azoka egingo dute larunbatean Bulebarrean

Abian da azoka ekologikoen udako martxa eta larunbatean, hilak 6, Donostiara helduko da. Bulebarrean, 10:00etatik 14:00etara bitartean, Biolur Elkarteak, udalarekin eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoarekin lankidetzan antolatutako jarduera aurrera eramango dute Euskal Jaien barruan. “Ekimena ingurumenarekin errespetuan ekoizten duten profesionalen eta konpromiso bera eta kalitate ezin hobeagoko elikagaiak eskuratu nahi dituzten kontsumitzaileen topagunea da”, azaldu du eragileak.
Barazkiak, ardi eta behi gazta, eztia, gozoak, ogia, marmeladak, olioa… Askotariko eskaintza izango dute aukeran herritarrek otarra bertako eta gertuko elikagai ekologikoekin osatzeko. Hemeretzi part hartzaile izango dira azokan, gehienak Gipuzkoako ekoizleak dira, baina Nafarroatik, Ipar Euskal Herritik eta Errioxatik ere etorriko dira.
Antolatzaileen ustez halako azokak gauzatzea garrantzitsua da, batetik, egunerokoan tokiko elikagai ekologikoekin elikatzea posible dela erakusten dutelako, herritarrei sektorearen lana eta produktuen atzean nor dagoen ikusteko aukera emanez; eta bestetik, landa eremua gerturatzen dutelako hirigunera. “Gero eta arrakala handiagoa dago hiria eta landa eremuaren artean, eta horrelako ekimenak beharrezkoak dira, eta gustatuko litzaiguke udalaren inplikazio eta laguntza gehiago azokaren antolaketan”.