Ibaetan ikasleentzako erresidentzia berri bat eraikitzeko prozesua abiatu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) maiatzean jakinarazi zuen Ibaetako campusean ikasleentzako erresidentzia berri bat eraikiko zuela, eta proiektua gauzatzeko prozesua abiatu du orain. Hain zuzen ere, egoitza berria eraikitzeko eta ustiatzeko proiektua idazteko, eraikitzeko eta ustiatzeko prozedurari hasiera emateko ebazpena argitaratu du unibertsitateak. Jarduketarako aurreikusitako aurrekontua 21.478.000 eurokoa da, eta gauzatzeko epea 30 hilabetekoa. Egoitzaren kontzesioa, bestalde, 37 urtekoa da, EHUk ohar baten bidez azaldu duenez.
Albistearekin pozik agertu da Juana Goizueta Vertiz Gipuzkoako campuseko errektoreordea, oharrean nabarmendu duenez: “Oso albiste ona da ikasturtea hasteko, urrats berri bat egin baitugu gure campusean ikasleentzako egoitza berri bat izateko bidean aurrera egiteko. Mugarri garrantzitsua da, eta bat dator gure gain hartzen dugun konpromisoarekin: Gipuzkoako campuseko ikasle askok aurre egin behar dioten etxebizitzen arazoa arintzeko lan egitea, arazo horrek familiei erakartzen dien esfortzua kontuan hartuta. Gure nahia da 2026an lanak hastea”.
Egoitza berria Manuel de Lardizabal pasealekuaren eta Berio pasealekuaren artean dagoen lursailean egingo dute, Unibertsitate Egoitzaren, Zuzenbide Fakultatearen eta Ignacio Maria Barriola zentroaren artean. 3.462 metro koadroko azalera du eremuak, eta, gaur egun, partzialki okupatuta dago Hezkuntza Museoa, ikasgelak eta unibertsitateko jangela dituen solairu bateko pabiloi batez. Eraikin hori eraitsiko dute, erresidentzia berria. Bi solairu edukiko ditu sestra azpian eta bost sestra gainean, 200 oherekin, 176 sukalde partekaturekin, hogei sukalde indibidualekin, 60 plazako aparkaleku batekin eta hainbat eremu komunekin.
EHUk gogorarazi du Miguel Agud Querol egoitzako logelen okupazioa %100ekoa izan dela azken urteotan, eta itxarote zerrenda handia dagoela: “2012an handitu ondoren, 424 plaza izatera iritsi zen guztira, eta gaur egun ez dira nahikoa eskaera handiari erantzuteko”, gaineratu du erakunde publikoak.