Jose Maria Olazabalek antolatutako European Legends Cup jokatuko dute asteburuan
Ostiraletik igandera bitartean, hilak 5etik 7ra, nazioarteko golfeko jokalari ospetsuak ariko dira Basozabalen. Sarrera doakoa da.

Jose Maria Olazabal golf jokalari ohiak babestu eta diseinatutako European Legends Cup txapelketa Donostiara helduko da asteburuan. Hondarribiarrak sustatutako egitasmoa bigarrenen urtez aurrera eramango dute, oraingoan, Basozabalen, ostiraletik igandera bitartean. Bertan, zirkuituko jokalari enblematikoenetako batzuk elkartuko dira, besteak beste, sailkapeneko lehen postuetan daudenak edota kirol horren historian zeresana eman dutenak.
Barbadosen irabazi eta aurten sei top10 egin ondoren, sailkapeneko lehenengoa den Scott Hend australiarra izango da partaideetako bat. Bertan izango dira, halaber, Keith Horne hegoafrikarra, Europako hirugarrena eta Pekinen irabazle, Peter Baker ingelesa, laugarrena eta Costa Navarinon irabazle; Simon Griffiths ingelesa, bosgarrena eta Marbellan irabazle; James Kingston hegoafrikarra, seigarrena eta Irlandan txapeldun; eta Mark Brown australiarra, Suitzan garaile.
Horiekin batera, DP World Tour, Majors eta Ryder Cup txapelketetan arrakasta izan duten golf jokalariak lehiatuko dira. Azken txapelketa ezagun horren historiako protagonista izan diren bederatzi jokalari ariko dira Basozabalen, Ryder Cup-aren ukitu nabarmena emanez European Legends Cup-ari. Horien artean, nabarmentzekoak dira Peter Baker, Miguel Angel Martin, Jean Van de Velde, Jarmo Sandelin, Philip Price, Niclas Fasth eta Thomas Levet. Olazabal berak ere parte hartuko du Europako taldeko kapitainorde gisa.
Hiru egunez, jendeak aukera izango du kalitate handiko golfaz gozatzeko, jokalariengana gerturatzeko, autografoak eskatzeko… Sarrera doakoa da. Olazabalek antolatutako egitasmoak, hainbat enpresa eta eragileren babesa du, tartean, Donostia Kirola. Hain zuzen ere, kirol zinegotzi Iñaki Gabarainek nabarmendu du Olazabalek profesional gisa 40 urte betetzen dituen urtean European Legends Cup Donostian jokatzea “bat-etortze bat baino askoz gehiago” dela: “haren ondarea eta hiri honekin duen lotura aitortzeko modu bat” baita. Udal erakundeak errendimendu handiko kirolaren alde egiten duen moduan, hiria nazioartean kokatzen duten lehen mailako lehiaketan ekartzen ere ahalegintzen dela gogoratu du zinegotziak. “Txapelketa honek munduko golfeko jokalari historikoak biltzen ditu, eta Basozabal agertoki paregabea da talentuaz, emozioaz eta kirol-bikaintasunaz gozatzeko”.