Kulata, Xak, Mihise, Nize eta Physis versus nomos taldeak arituko dira Kutixik jaialdian

Euskara hutsez egiten den Donostiako musika jaialdi autogestionatuak laugarrenez aurkeztu du kartela. Balio Dute kolektiboak Donostia Kulturarekin batera antolatuta, aurten, urriaren 25ean ospatuko da Kutixik jaialdia eta gaur aurkeztu dituzte bertan izango diren taldeak. Azken bi edizioetan sarrera guztiak agortu ostean, aurten, formatu lasaiagoaren alde egin du kolektiboak.
Kulata synth pop talde donostiarrak, lehen aldiz joko du hirian, gauari epeltasun eta goxotasuna emanez. Oraindik euren lehen lana argitaratu ez duten arren, ikusgai dago EiTBk grabatutako zuzeneko bideoa. Oihana Vesga (ahotsa, sintetizadorea, teklatuak), Alba Fernandez (ahotsa, sintetizadorea, metalofonoa, teklatuak) eta Laida Zapre (ahotsa, biolina, sintetizadorea, sanplerrak) dira taldekideak.
Ohikoa den moduan, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza ziurtatuta egongo da aurten ere, Xak taldearen bitartez. Paxkal Irigoyen artistaren proiektu berri da Xak. Lehendik Bloñ eta Zezenaren Banda moduko proiektu eklektikoetan aritu ostean, bere azken disko ederra defendatuko du, hainbat musikariren laguntzaz.
Bilbotik dator Nize hirukotea, eta 2022an Zu Lo Han EPa aurkeztu ostean, iaztik ari da Gaur Ez Naiz lehen lan luzea defendatzen eta pospunk ilun eta atmosferikoz beteko dute Intxaurrondoko kultur etxea.
Balio Dute kolektiboko bi talde izango dira euren lan berriak aurkezten. Batetik, Donostia eta Usurbil artean dabilen Mihise taldeak haien lan berria aurkeztuko du, hainbat hilabetez eszenatokietatik aldenduta egon ostean. Bestetik, Beñat Antxustegik gidaturiko Physis versus nomos proiektuak Burdin gozoa eta arrabioa lana defendatuko du lehenengo aldiz Donostian.
Kartela, beti bezala, tokiko artista batek egin du. Oraingoan, Andoni Olaetxea musikari eta idazlea izan da kartelaren arduraduna. Sarrerak jada eskuragarri daude Donostia Kulturaren webgunean.