Astelehenean abiatuko dute kultur etxeetako euskarazko ikastaroen izen ematea
Izen ematea bi fasetan egingo dute: euskarazkoena astelehenetik aurrera eta gaztelaniazkoena hilaren 22an hasita.

Iraila eta ikasturte berria eskutik doaz. Zerbait berria ikasi edo ezagutzaren batean sakondu nahi dutenek aukera dute Donostia Kulturaren ikastaro eskaintzan. Azken urteetan egin moduan, matrikulazioa bi fasetan gauzatuko dute: euskarazko ikastaroen izen emateari astelehenean, hilak 8, ekingo diote, 16:00etan; gaztelaniazkoenari, berriz, hilaren 22an. Epea urriaren 5ean bukatuko da, bigarren lauhilekoko ikastaroen kasuan izan ezik, horiena urtarrilaren 31n amaituko da.
Euskarazko talderik osatzen ez bada, izena eman dutenei hilaren 19an edo 20an jakinaraziko zaie email edo SMS bidez, hala, nahi izanez gero, gaztelerazkoetan izena emateko aukera izan dezaten. Gutxieneko ikasle kopurua lortu duten, baina bete ez diren euskarazko ikastaroetan izena emateko aukerak zabalik jarraituko du hilaren 22tik aurrera ere.
Aurten ere, euskarazko zenbait ikastarotan Belarriprest eredua errepikatuko dute. Ikastaro horietan, gutxi jakin arren, ikasleak euskaraz mintzatzera gonbidatzen dira, betiere, elkarlanerako giroan. Ikasleek eta irakasleek konpromisoa hartuko dute eskaraz hitz egiteko eta elkarri laguntzeko.
Eskaintzari buruzko informazioa erakundearen webgunean kontsulta daiteke, eta halaber, eskuorri batean jaso dute, paperean kultur etxeetan eskura daiteke edo digitalki hemen.
Kultur etxeetako matrikulazioa ordutegiak
- Intxaurrondo, Loiola, Larrotxene, Larratxo eta Lugaritz: 16:00etatik 20:00etara.
- Egia, Casares-Tomasene, Okendo eta Ernest Lluch: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
- Aiete: 16:00etatik 20:00etara. Astelehenetan itxita, hilaren 8an eta 22an salbu.
- Larunbatetan, Okendo, Ernest Lluch eta Aiete irekita: 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.
- Igandeetan, Aiete: 10:00etatik 14:00etara.