Bermeo izan da azkarrena gizonezkoen sailkatze estropadan
Lekittarra 26 urteren ondoren sailkatu da Kontxako Banderarako eta San Juan zortzi urteren ondoren; gainontzekoan, ez da ezustekorik egon.

Kontxako Banderako gizonen estropadetako zortzi parte hartzaileak erabakita daude dagoeneko, ostegun arratsaldeko sailkatze estropadaren ostean. Hain zuzen ere, zazpi traineru hauek izan dira azkarrenak eta, beraz, Donostiarrarekin lehiatuko direnak hurrengo bi igandeetan: Bermeo, Orio, Zierbena, Hondarribia, Getaria, San Juan eta Lekittarra.
Guztira, 21 traineru lehiatu dira sailkatze estropadan, eta Bermeo izan da azkarrena, 21:01 minutuko denbora eginda, Eusko Label ligako txapeldun Orioren aurretik (21:11). Atzetik geratu dira Zierbena (21:13), Hondarribia (21:22), Getaria (21:23), San Juan (21:29) eta Lekittarra (21:29).
Lehenengo bostekin ez da ezustekorik izan, aurreikuspen guztietan sartzen baitzen Eusko Label ligako traineru horiek sailkatzea. Azken bi postuak, ordea, irekiago zeuden, eta San Juan eta Lekittarra izan dira sailkapena eskuratu dutenak, zortzi eta 26 urteren ondoren, hurrenez hurren.
Zazpi traineru horiek atzetik izan dituzte, ordena honetan, talde hauek: Ondarroa, Santurtzi, Ares, Chapela, Kaiku, Lapurdi, Zarautz, Arkote, Tiran, Zumaia, San Pedro, Samertolameu, Cabo eta Hibaika. Bestalde, atzo egin zuten emakumezkoen sailkatze estropada, eta Orio, Tolosaldea, Donostiarra, Hibaika, Hondarribia, Astillero eta Zumaia sailkatu ziren; hemen dituzue argazkiak.
Jarraian, Kontxako Banderako gizonezkoen sailkatze estropadako denbora ofizialak:
1. Bermeo: 21:01.40
2. Orio: 21:11.04
3. Zierbena: 21:13.94
4. Hondarribia: 21:22.82
5. Getaria: 21:23.64
6. San Juan: 21:29.08
7. Lekittarra: 21:29.46
8. Ondarroa: 21:42.32
9. Santurtzi: 21:48.36
10. Ares: 21:49.70
11. Chapela: 21:57.62
12. Kaiku: 22:18.06
13. Lapurdi: 22:22.06
14. Zarautz: 22:25.24
15. Arkote: 22:26.46
16. Tiran: 22:32.48
17. Zumaia: 22:46.26
18. San Pedro: 22:51.84
19. Samertolameu: 22:54.38
20. Cabo: 23:01.46
21. Hibaika: 24:49.00