Donostia Turismoak 'Sorioneku' izena jarri dio bere kanpaina berriari

Euskal kulturaren eta euskararen balioa nabarmentzeko kanpaina abiatu du Donostia Turismoak. Esanguratsua da jarri dioten izena: Sorioneku. Izan ere, 2.000 urtetik gorako Irulegiko Eskuaren aurkikuntza aukeratu dute hiria bisitatzen duten pertsonak bertako kulturara hurbiltzeko abiapuntu gisa.
“Bertako toki eta esperientziak islatzen dituzten bost istorioren bitartez, Donostiak eta bere inguruak bisitariengan pizten dituzten bost emozio nabarmentzen ditu kanpainak: Aske, Pozik, Etxean, Inspiratua, Orlegi. Hitz horiek beste hizkuntza batzuetan ere agertzen dira, hala nola frantsesa, ingelesa edo alemana”, azaldu dute.
Era berean, kanpainak Eta zuri, zer sentiarazten dizu Donostiak? galdera darabil. Mezu hori indartzeko sortu diren bideoak ikusten dituztenei hausnartzeko gonbidapena luzatu nahi die Donostia Turismoak.
Kanpaina, batez ere, Donostiara datozen bisitarientzat bada ere, donostiarrak ere animatu dituzte harekin bat egitera.