Garraio publikoak marka guztiak hautsi ditu uda honetan 5,8 milioi bidaiariekin

Donostiako Udalak sakon aztertu ditu uda honetan hiriko mugikortasunean eragin duten parametroak, eta uztailean eta abuztuan arlo horretan hartutako neurrien balantzea egin du.
“Berriz ere, uda honetako mugikortasunaren inguruko balorazioa positiboa da”, adierazi du Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak: “Une jakin batzuetan, trafiko pribatuaren karga handiagoa izan da, baina hori modu espezifikoan konpondu da, egoera bakoitza kudeatuz. Baina, zalantzarik gabe, hiriko garraio publikoaren erabileran errekor berria jarri izana da albisterik onena: uztailean zifra historikoak izan zituen eta horrek erakusten du aurrera jarraitzen dugula hiri-mugikortasunaren paradigma aldatzeko bidean”.
Disuasio aparkalekuen erabilera ere udako “beste gakoetako bat” izan dela esan du Yarzak, Illunbeko autobusaren erabileraren gorakadarekin batera. Bestalde, metroaren igarobidearen eraginaren inguruaren ere aritu da: “Nahiz eta une jakin batzuetan lan horiek arazoak eragin dituzten, abuztuan garraio publikorako eta oinezkoen mugikortasunerako ibilbideak eta espazioak berreskuratu ahal izan ditugu funtsezko lekuetan, hala nola San Bartolome eta Easo kaleetan”.
Errekorra garraio publikoan
Udako mugikortasunaren inguruko balorazioa positiboa izan dadin, funtsezko parametroetako bat garraio publikoaren erabilera da, eta aurten errekor historiko ugari hautsi dira arlo horretan. Izan ere, Dbusek 2.928.988 bidaia erregistratu ditu guztira aurtengo uztailean, hau da, 2024an baino % 5,5 gehiago (eta urte horretan ordura arteko zifra guztiak gainditzen ari zen konpainia). Abuztuari dagokionez, aurten 2.871.523 bidaia erregistratu dira, 2025ean baino % 1,9 gehiago.
Gorakada horren arrazoietako bat da nabarmen handitu dela gaueko autobus zerbitzuen erabilera, bai eta Aste Nagusian garraio publikoaz egin den erabilera ere. Izan ere, gaueko zerbitzuetan % 3,8ko igoera erregistratu da, eta % 6 ingurukoa Aste Nagusian.
Gainera, Dbizi bizikleta sistema publikoak zifra garrantzitsuak lortu ditu berriz ere: 255.216 bidaia egin dira uztailetik abuztura bitartean. Ildo horretan, aurreko udekin alderatuta aldakuntza oso handia ez bada ere (% 0,08), egiaztatu da oso kontuan hartzen den zerbitzu gisa mantentzen dela.
Disuasio aparkalekuak
Udan trafikoa hobetzeko beste neurri garrantzitsu bat disuasio aparkalekuak edo Park and ride izenekoak izan dira; hain zuzen ere, Illunben, Igaran eta unibertsitateetan jarri dira horrelako aparkalekuak, eta guztira 700 plaza eskaini dituzte ibilgailu pribatuetarako, garraio publikoarekin behar bezala konektatuta.
Igarako eta unibertsitateetako aparkalekuetan, uda honetan 18.154 ibilgailu sartu dira guztira, 2024an hilabete berberetan sartu zirenak baino % 33,1 gehiago. Igarako aparkalekuaren erabilera % 23,5 handitu da (12.377 2025ean eta 10.019 2024an). Bestalde, unibertsitateetan iaz baino % 30,1 ibilgailu gehiago aparkatu dira (4.439 2025ean vs 3.411 2024an).
Ibilgailu horien jatorriari dagokionez, % 78k matrikula nazionala zuen (iaz % 85ek) eta % 22k atzerritarra (2024an % 15ek). Bilakaera horrek adierazten du atzerritik datozen pertsonek espazio horien kontzientzia eta ezagutza gero eta handiagoa dutela.
Aurten ez dira erregistratu Illunbeko disuasio aparkalekurako sarbideak, besteak beste inguruan obrak egiten ari direlako, baina anezka zerbitzuaren erabilera % 16,39 handitu da (17.480 bidaia 2025ean, eta 15.018 bidaia 2024an) eta horrek adierazten du iaz baino gehiago erabili dela.
Trafikoa arautzeko protokoloa
Trafiko pribatuaren zirkulazioari dagokionez, uda honetan dentsitate handieneko puntuetan berriro aplikatu da erregulazio protokoloa, mugikortasunean kolapso egoerak saihesteko; beraz, 2025ean ez da perimetro erregulaziorik egin behar izan.
Trafikoan arazo gehien abuztuaren 7an izan zen, eta, horren ondoren, hilabete bereko 6an, 19an eta 20an. Azken urteetan, bisitarien ibilgailuen etorrerak uztailean eduki izan du eraginik handiena, baina azken udetan etorrera handi hori atzeratzeko joera egon da.
Lurpeko aparkalekuak
Hiriko lurpeko aparkalekuen erabilerak ere eraldaketa bat bizi izan du uda honetan, hiria bisitatu duten ibilgailuak erdigunetik kanpoko aparkalekuetara birbanatu baitira.
Izan ere, Erdialdeko aparkalekuetan (Cervantes, Bulebarra, Easo, Okendo) erabilera % 10,69 murriztu da batez beste txandakako ibilgailuei dagokienez eta % 14,55 minutuei dagokienez. Murrizketa hori, besteak beste, 2024az geroztik ezarritako udako tarifen gorakadak eragin du. Izan ere, helburua zen, hain zuzen ere, jende gehien biltzen den hilabeteetan aparkaleku horien erabilerari pizgarriak kentzea.
Zentzu horretan, Erdigunean bertan ez dauden aparkalekuen erabilera (Pio X!! eta Autobus Geltokia) % 7,53 igo da batez beste, eta aparkatzeko batez besteko denbora ere % 13,56 igo da batez beste. Bestalde, Katalunia plazako aparkalekuak 2024koaren antzeko erabilera izan du uda osoan, igoera txiki batekin: txandakako ibilgailuek % 1,44 egin dute gora, eta erabilera minutuek % 0,92.
Erdiguneko aparkalekuen erabilera murriztearekin batera, aparkaleku periferikoenen eta Igarako, Unibertsitateetako eta Illunbeko disuasio aparkalekuen erabilera handitu da, eta, horrekin, hiriko bisitarien trafikoaren banaketa optimizatu da, 2025eko udan hiriko Erdialdeko trafiko pilaketak murriztuz.