'#Kontxa1925' aurkeztu dute, duela ehun urteko estropaden memoria berreskuratuz

Euskal Itsas Museoak eta Aquariumek elkarlanean aurrera daramaten #Kontxa100 proiektuaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute ostegun goizean: #Kontxa1925. Bertan, 1925eko Kontxako Estropadaren ondare kulturala eta historikoa jaso dute, duela ehun urteko estropadetan gertatutako argitalpen batean azalduz eta kirol proba honi lotutako zenbait jarduera antolatuta. Horien berri eman dute museoan egindako ekitaldian, eta bertan izan dira Eneko Goia alkatea, aldundiko Kultur zuzendari Maria Jose Telleria, Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifiko Xabier Alberdi eta Aquariumeko museo arloko koordinatzaile Alejando Larrode.
Ciaboga argitalpenaren zenbaki berrian, aurrekoen moduan, ehun urte atzera egin eta 1925eko hiriko estropadak aztertu dituzte. Alberdiren hitzetan, “1925eko Kontxako Banderan bost ontzik hartu zuten parte —Orio, Hondarribia, Donostia, San Juan eta Santoña— eta beste behin ere hiru patroi mitiko jardun ziren Kontxan: Matxet sanjuandarra, Uranga oriotarra eta Shoterotxo donostiarra. Sanjuandarrak faborito bezala iritsi ziren, baina Orio izan zen garaile eta Hondarribia bigarren”.
Aldizkariak jasotako ikerketaz gain, Arraun Astea ere antolatu dute. Hauek dira gaurtik hilaren 14ra bitartean gauzatuko dituzten jarduerak.
- Ciaboga aldizkariaren 9. zenbakiaren argitalpena. Zenbakian, duela mende bat, 1925ean, jokatutako Kontxako Banderako estropadaren xehetasuna biltzen dira. Aldizkariak diseinu guztiz berritu du, azal berri batekin. Horrez gain, arraunaren iraganaz eta orainaz gogoeta egin duten hainbat kazetari, historialari eta antropologoen kolaborazioak biltzen ditu, baita, oro har, estropaden historia eta bereziki Kontxakoena lantzen duten iritzi artikuluak ere. Hilaren 12ko El Diario Vasco-rekin batera banatuko dute.
- K-Toño Frade: Estropaden koloreak erakusketa. Euskal Itsas Museoko ganbaran, gaurtik azaroaren 2ra, Juan Antonio Frade Villar marrazkilari, kartelgile, karikaturagile, liburu ilustratzaile eta idazle kostunbrista ospetsuari eskainitako erakusketa ikusgai izango da. Orioko Arraun Elkartetik eta bilduma partikularretatik jasotako 20 ilustrazio bildu dituzte, bere estilo berezia islatzen dutenak. Irudi multzo horrek arraunaren eta estropaden indarra eta grina erakusten ditu.
- 1925eko Kontxako bandera erakusketa, gaurtik hilaren 16ra Aquariumeko sarreran. 1925ean Orioko eskifaiak Antonio Maria Uranga patroi zuela irabazitako bandera ikusgai egongo da.
- Estropadak leihotik jarduera. Euskal Itsas Museoko ganbaratik Kontxako Banderaren estropadak ikusteko aukera, hilaren 7an eta 14an, 10:30ean. Kofradia-Itsas Etxearen zizka-mizkak eta Mala Gissonaren garagardoa izango da. Pertsonako 8 euroko kostua du. Leku kopurua mugatua da eta aurrez erreserbatu behar da museoaren webgunean edo posta elekroniko bidez.
- Estropada txikiak familia tailerra. Kontxako estropaden historian zehar bidaia egiteko aukera emango du bi museoetan funtsetako katelak erabiliz, familiek beren kartel propioak sortuko dituzte. Doako jarduera Aquariumean egingo dute hilaren 13an, 11:30ean.