Pertsona bat atxilotu dute Donostian, Amaran moto bati su eman eta inguruan kalteak eragiteagatik
Ertzaintzak 22 urteko pertsona bat atxilotu du bart Donostian, Amaran izandako sute baten ustezko egilea delakoan. Hain zuzen ere, Arroka plazako moto bati su eman diote gauerdia pasatuta, ibilgailua erabat suntsituta utziz eta ondoko La Burguessia ostalaritza establezimenduan eta etxebizitza bateko balkoian kalteak eraginez.
“Goizaldeko ordu batak eta laurden aldera, Ertzaintzak jakin du Donostiako Amara auzoan motozikleta bat sutan zegoela. Bertaratu diren polizia baliabideek une horretan erabilgarri zeuden baliabideak erabili dituzte, baina, sugarrak kontrolatzerik izan ez dutenez, suhiltzaileen laguntza eskatu behar izan dute premiaz, sugarrak inguruko eraikin batera iristen ari baitziren”, azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Iturri beraren arabera, bertaratutako ertzainek susmagarri bat aurkitu dute inguruan, gauean bertan: “Gazteak erredurak zituen esku batean, eta gorputz miaketa egin diotenean, bi metxero, mailu bat eta tenaza batzuk aurkitu dizkiote bere gauzen artean. Gainera, berez egiaztatu die agenteei motozikletaren sutean inplikatuta zegoela”. Horrela, kalte delitua egotzita atxilotu eta komisariara eraman zuten.