Zer plan astebururako Donostian?

Astebururako plan bila zabiltza? Askotariko planak egin ditzakezu Donostian: Txomiñenean eta Añorga Txikin jaiak ospatuko dituzte asteburu osoan zehar, Euskal Jaiak dagoeneko hasi dira eta, noski, Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldia igandean izango da. Horrez gain, gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu eta, gainera, jarraian, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizugu.
Ostiralean (hilak 5), Egiako Blas de Otero plazara gerturatzea proposatzen dizugu, Egia Dantzan jaialdiaren azken eguna izango baita. 19:00etan hasita, Led Silhouetteren Los Perros eta Lasalaren Burnt dantza ikuskizunak ikusi ahalko dira, doan, kalean.
Larunbatean (hilak 6), Añorgara joatea gomendatzen dizugu, egun osoan zehar Guillotina autoedizio topaketa egingo baitute zinema zaharrean; merezi du!
Igandean (hilak 7), Gipuzkoa plazara joan, eta eman buelta bat Liburu Zahar eta Okasiozkoen Azokatik, azken eguna izango baita harribitxiren bat aurkitzeko. Egun osoan zehar egongo da irekita, eta postu ugari ditu.
Bonus track. Azkenik, astean zehar egiteko plan bat. Asteazkenean (hilak 10), Ione Zuloaga Muxika ikertzailearen hitzaldia antolatu dute San Telmo museoan, 19:00etan. Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta ostean 1936-1945 izango da hitzaldiaren izenburua, euskaraz izango da eta sarrera doakoa izango da. Emakumeek Espainiako Bigarren Errepublikan izan zuten parte hartzea, gerran miliziano eta korrespontsal gisa izan zuten zeregina eta jasandako sexu errepresioa, espetxealdiak, tortura eta zehapen ekonomikoak izango ditu hizpide hitzaldian, baita Gipuzkoako eta Donostiako istorio pertsonalak berreskuratu ere, “gaia genero ikuspegitik ulertzen laguntzeko”, udalaren hitzetan.