«Belaunaldi ugari etorri izan dira izozkia erostera»
Donostian dagoen izozki denda zaharrena Garibai kalean dago eta Arnoldo izena du. Familia bakar batena da: Arnoldo familiarena. Gaur egun, laugarren belaunaldiak lan egiten du bertan eta urteurren berezia dute aurten.

Izozkiaren aztarnak Kristo aurreko 2000. urtean aurkitu daitezke, eta sortu zenetik, mundu osoan zoriontasuna sorrarazten duen postre bilakatu da. Horregatik, Arnoldo dendak izozki artisauen aldeko apustua egin zuen 1925ean.
100 urte… Nola hasi zen dena?
Nire birraitona-amonak, Giovanni eta Elisa Arnoldo, Austrian hasi ziren izozkia saltzen, baina Italiako iparraldean dagoen Longarone hiritik datoz. Hotz handia egiten duen tokia da, horregatik, izotz asko dago bertan. Hortaz, izozkia egiteko tenperatura aproposa zuten. Izan ere, beroa egiten zuen lekuetan, ez zegoen izotza eta, beraz, izozkia ezin zuten mantendu.
1935ean, Donostiara etorri ziren. Hasieran nire birraitona-amonak zeuden, ondoren, nire aitona-amonak, gero nire gurasoak eta orain gu. Aurten, 90 urte betetzen ditugu hirian, eta, hasieratik, mende bat. Guk dakigunez ia mende bat, argazkia 1935ekoa delako, baina, segur aski, lehenago hasi ziren.
90 urte Donostian… Zergatik geratu zarete hemen?
Nire birraitona-amonei hiria gustatu zitzaien, eta, gero, nire aitona-amonek hemen geratzea erabaki zuten. Ondoren, nire ama donostiar batekin ezkondu zen. Eta gu hemen gelditu gara, ondorioz, hirian bertan ireki ditugu lokal berriak.
Negozio familiarra da?
Bai. Belaunaldiz belaunaldi pasatu den negozioa da. Orain hiru birbiloba gaude. Besteek ez dute jarraitu nahi izan, bizitza oso sakrifikatua baita.
Zu noiz hasi zinen lanean?
12 urte nituen dendan lan egiten hasi nintzenean. Ondoren, kanpora ikastera joan nintzen. Beste pertsonentzat lan egin dut eta formakuntza izan dut, baina, azkenean, berriro itzuli nintzen. Nire gurasoak erretiratu zirenean, duela hamabi urte, nire ahizpak, senarrak eta nik enpresa hartu genuen.
Niri beti gustatu zait hemen lan egitea. Egia da, Donostian bizi ez nintzen garaian, bizitza oso erosoa nuela eta zalantzak izan nituela. Baina gurasoak nekatuta ikusten nituen eta erretiratzeko asmoa zutela esan zidatenean, saiakera egitea erabaki nuen.
Izozkia egiteko modua mantendu duzue?
Bai. Guztiz mantendu dugu. Teknologia eta makineria asko hobetu da, noski. Nire birraitona-amonek eta aitona-amonek lan fisiko handia egin behar zuten izozkia aurrera eramateko. Esate baterako, hurra erosi eta txigortu egin behar zuten, ondoren, hau txikitu purea egiteko. Gaur egun, berriz, enpresa oso onen laguntza dugu eta lana errazten digute. Lehen, dena eskuz egiten zen, gaur egun, berriz, askoz mekanikoagoa da prozesua.
Neguan denda irekitzen duzue baita ere?
Nire aitona-amonak zeudenean, izozki denda urtean sei edo zazpi hilabetez irekita zegoen: Aste Santutik urriaren 12ko zubira arte. Guk denboraldia luzatu dugu, bereziki, langileak mantentzeko irekita egon behar garelako.
Ondorioz, neguan jateko errazagoak diren jakiak sartu ditugu. Adibidez, gofreak, krepeak eta xaflan egindako txurroak txokolatearekin. Modu honetara, denda negu osoan irekita mantentzen dugu eta Gabonetan hamabost egunez ixten dugu, soilik, familiarekin egoteko. Bestela, beti irekita gaude.
«Donostian zazpi lokal ditugu eta 50 langile gara guztira. Horiek guztiak kontrolpean mantentzea oso zaila da»
Zein da zuen bereizgarritasuna?
Gure izozkia guztiz artisaua da. Emultsionatzaile, gozagarri eta zaporea galtzea sortzen duen gantzik gabe eginda. Azken finean, produktuan kalitatea bilatzen dugu, soilik. Ez dago sekretu handirik. Jendea gure izozkia jatera ohitzen da eta, horregatik, hainbat belaunalditako bezeroak ditugu.
Zapore berriak sortu dituzue?
Sei edo zazpi zapore zituzten hasieran, orain, 45. Noizean behin, zapore berriekin jolastu gara, adibidez, guanabanoa frutarekin. Iaz, fruta exotikoak sartu genituen, baita ere. Nahasketa oso arraroak ez ditugu egiten, baina koñak edo erregaliz izozkiak baditugu. Hala ere, klasikoak dira oraingoz gehien saltzen ditugunak.
Jendeak nola hartzen zaituzte? Erreferente bat zarete Donostian…
Gu 5. belaunaldia gara eta familia batzuk Arnoldora urtero bueltatzen dira. Belaunaldi ugari etorri izan dira izozkia erostera. Askotan, aitona edo amona bilobarekin etortzen da, ondoren, honek seme-alabak dituenean, hauek ere ekartzen ditu. Batzuetan, hiru belaunaldiak ezagutzen ditugu.
Etorkizuna nola ikusten duzue?
Duela gutxi hitz egin genuen gai honen inguruan, eta agian hau azkeneko belaunaldia izango dela iruditzen zait. Nire seme-alabak dendarekin ez jarraitzea erabakitzen badute ez da ezer gertatuko: sakrifizio oso handia da. Donostian zazpi lokal ditugu eta 50 langile gara guztira. Horiek guztiak kontrolpean mantentzea oso zaila da.
Lan gogorra da…
Bai. Oso gogorra da, baina bere alderdi ona du, baita ere: umeak dendatik pozik irteten ikustea. Orokorrean, jendea gustura ikustea asko gustuko dut. Azken finean, pertsonen aurpegietan poztasuna ikusteak ilusioz betetzen nau.
Nola ospatuko duzue zuen 90. urtemuga?
Izozki dendan ekitaldi baten bat edo antolatuko dugu. Agian, komunikabide batzuk gonbidatuko ditugu. Hala ere, oraingoz lasaitasunez hartu nahi dugu, Aste Nagusia oso gogorra izan baita. Baina urrian edo azaroan zerbait antolatuko dugu.