Ezinbestekoa al zen itzulera?

The Naked Gun
Zuzendaria: Akiva Schaffer · Urtea: 2025 · Herrialdea: AEB
Erabakiaz kontzienteegi izan gabe, askorentzat komedia absurdoaren trilogia onenaren remake berrirako sarrerak erosten ikusi dut neure burua. Leslie Nielsen eta Priscilla Presleyren zapatak betetzeko lan mardula zuten Liam Neeson eta Pamela Anderson protagonista berriek eta, egiari zor, ez dago burutu duten lan txukuna zalantzan jartzerik. Kontua da, beharrezkoa al zen behinola —inork ez daki nola— funtzionatu zuen absurdo horri azpimarra jartzea?
Jatorrizko filmak bezain irregularra, eta bere unerik onenetan haiek bezain harrotua, ordu eta erdiko txiste erraza da The Naked Gun, mundu modernoaren ergelkeriaren kontura jositakoa. Frank Drebin Jr. teniente traketsa, bigarren belaunaldia, teknologiaren arloko handi-mandi batekin lotutako hilketa bat argitzen saiatuko da; bitartean, bere polizia unitatea ixtear daude. Krimen idazle baten laguntzarekin, Frank egoera absurdo eta harrigarrietan murgilduko da.
The Naked Gun (1988) aitzindari haren —eta atzetik etorri den saga osoaren— urratsak jarraitzen ditu, ezinbestean. Honako hau ere ez da Zazpigarren Artearen harribitxi bat, eta ez da Historian geratuko. Baina zer esango dizuet: auzo lotsak enbarazu egiten ez badizue, umore ez oso zorrotz baten zale bazarete, eta Liam Neeson dramatikoa ez den rol bat egiten ikusteko irrikan bazaudete, bai, joan ikustera. Bestela, ez egon hor.
Praktikan, filmak berrabiatze baten gisara funtzionatzen du: Neesonek Nielsen zenaren arketipo bera errepikatzen du, baina ñabardura marmartiago batez. Izan ere, reboot gisa aurkeztu izanak etengabeko omenaldiak eta erreferentziak integratzeko aukera eman dio Akiva Schaffer zuzendariari eta, hain zuzen, hori du lanak indargune handienetako bat: Nostalgiari, nostalgia.
Eta merituak nabarmentzen hasita, handienetako bat da iraupena: ordu eta hogei baino gutxixeago gag eta erritmo konstantez beteriko istorio trinko bat kontatzeko, metrajea luzatzeko tentaldian erori gabe. Itzulera —gutxi gorabehera— duin eta zorrotza, nostalgikoei zein ergelkeria maila hau lehen aldiz deskubritzen dutenei barre eragiteko modukoa.