Donostiarra ohorezko txandan ariko da, Zierbenak irabazi duen jardunaldian
Hamabost segundo berreskuratu beharko ditu 'Torrekua II' ontziak bandera etxean geratzea nahi badu.

Hiru traineru aurretik ditu Donostiarrak, gizonezkoen Kontxako Banderaren lehen jardunaldia jokatuta. Arerio zuzen horiek gainditzeko balentria beharko du datorren igandean. Horrela soilik egin ahal izango du historia, 75 urte luzeren ondoren.
Orio izan da azkarrena Kontxako badian, baina hiru segundoko zigorrak bigarren postura kondenatu ditu. Antza denez, klubeko teknikariek erabiltzen dituzten ontzi txikiak itsas eremuan sartzea egotzi diete, momentu jakinetan ezin delako. Zigorra onartuta atera dira horizkoak, eta denborarik onena egin dute. Hortaz, Zierbena bigarren sailkatuak bukatu du lehen postuan. Lehen txanda horretan, Urdaibai izan da hirugarren eta Getaria laugarren.
Bigarren txandan aritu da Donostiarra, eta oinarrizko helburua ederki bete du: txanda irabaztea. Ziabogatik bueltan indartsu abiatu dira helmugara Igor Makazagaren mutilak, baina ez dute lortu lehen txandakoekiko desabantaila laburtzen. Horrela, bandera hamabost segundo luzera dute. Bigarren txandan, Hondarribia izan da bigarren, San Juan hirugarren eta Lekittarra laugarren.
Joxe Leibar Donostiarrako arraunlaria elkarrizketatu du hedabide honek, estropada jokatu ostean:
Lehen jardunaldiko sailkapena:
1. Zierbena 18:59.26
2. Orio 18:59.36 (+0.10) — hiru segundoko penalizazioarekin—
3. Urdaibai 19:05.44 (+6.18)
4. Donostiarra 19:15.06 (+15.80)
5. Getaria 19:30.12 (+20.86)
6. Hondarribia 19:21.86 (+22.60)
7. San Juan 19:34.72 (+35.46)
8: Lekittarra 19:42.86 (+43.60)