0-3 urteko hamar adingaberentzat larrialdiko harrera familiak behar direla adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Adin tartea 6 urtera arte zabalduz gero, hogeita zortzi dira harrera familia bat behar duten adingabeak.

885 dira gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiak tutoretzapean dituen adingabeak. Horietatik 556 zentroetan bizi dira, eta 329 harrera familietan daude jada. Une honetan, ordea, 0 eta 3 urte bitarteko hamar haur artatu ditzaketen larrialdiko harrera familiak behar direla azaldu dute Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Maitane Carcamo Familia-Harrerako eta Adopzioko atalburuak eta Lucia Saiz larrialdiko harrera-familia ordezkariak, gaur emandako prentsaurrekoan: “Adin-tartea 6 urtera arte zabalduz gero, hemezortzi adingabek behar dute; beraz, hogeita zortzi dira, guztira, larrialdiko familia behar duten haurrak”.
Borondatezko familia harrerak aldi baterako edo mugarik gabeko etxea eskaintzen die arrisku edo babesgabetasun egoerengatik jatorrizko familiarekin bizi ezin diren haur eta nerabeei: “Haien helburua da familia hauetan egonkortasuna eta ongizatea izatea, afektua eman eta beren beharrak asetzea”, azaldu du Peñak. Azpimarratu du, gainera, harrera familia izateak adingabea etxeko beste kide baten gisan integratzea esan nahi duela (bere garapen emozional, fisiko eta sozialekin) eta ez dela adopzio bat, “babes neurri bat” baizik.
Diputatuak bereziki eskertu du programan parte hartzen duten familien lana: “Ez da beti erraza: erronkak, zalantzak eta beldurrak daude, baina baita ilusio, ausardia, maitasun eta konpromiso handia ere. Honek guztiak ezin hobeto definitzen du harrera familia izateak esan nahi duena”.
Familia guztien esku
Aldundiak ‘Familia guztiak izan daitezke harrera-familia’ sentsibilizazio kanpaina jarri du abian, “familia harreraren inguruko estereotipoak apurtzeko”. Hala, argia da kanpainak helarazi nahi duen mezua: edozein familia bihur daiteke harrera familia, haren tamaina edo egitura edozein izanda ere.
Gipuzkoa “komunitate solidario eta arduratsua” dela esan du Peñak, eta nabarmendu du familia harrerak “funtsezkoak” direla adingabe horien ongizatea bermatzeko. Interesa duten familien lehen kontaktua errazteko, kanpainak telefono zenbaki sinboliko bat jarri du martxan: 682 554 433.