Asteazkenean irekiko dituzte Donostiako haur txoko eta gaztelekuak

Ohiko legez, Donostiako haur txoko eta gaztelekuak itxita egon dira udan, baina udalak iragarri duenez, asteazken honetan (hilak 10) irekiko dituzte berriz gehienak, baita Kontadores zentroa ere. “Berriz ere jarri ditu martxan gazteen espazioak Donostiak; haurren eta gazteen bidelagun izateko eta pizgarri bat eta ahotsa emateko pentsatutako eskaintza prestatuta. Auzo guztietan parte hartzea, berdintasuna eta sormena sustatzen duten zerbitzu publikoak izatearen aldeko apustua egiten dugu”, nabarmendu du Berdintasun zinegotzi Ane Oiarbidek.
Haurtxokoei dagokienez, Antiguakoa hilaren 13an irekiko dute, baina beste guztiak hilaren 10ean. 5 eta 11 urte arteko haurrentzat dira haur txokoak —Antiguakoa 7 eta 11 urte artekoentzat—, eta, guztira, hamar auzotan ditu udalak, Parte Zaharreko zentro berriarekin. Asteartetik larunbatera, 17:00etatik 19:30era irekitzen dituzte haur txokoak, ostiraletan izan ezik, 20:00ak arte egoten baitira zabalik egun horietan. “Jarduera ludikoak, tailerrak eta jokoak eskaintzen dituzte haur txokoek, eta ingurune seguru eta parte hartzailean egiten dira”, azaldu du udalak.
Bestalde, gaztelekuak 12 eta 17 urte arteko nerabeentzako espazioak dira, “kulturako, kiroleko eta aisialdiko jarduerak” eskaintzen dituztenak. Aietekoa hilaren 12an irekiko dute eta Antiguakoa 13an, baina hiriko beste zazpiak hilaren 10ean. 17:30etik 20:00etara egongo dira zabalik asteartetik ostiralera, eta 17:30etik 20:30era larunbatetan. Bidebietako Kontadores gazte zentroari dagokionez, hilaren 1oean irekiko dute, eta 17:30etik 20:30era egongo dira zabalik asteartetik ostiralera, eta 17:o0etatik 21:00etara larunbatetan.