Berta Suescun arkitekto nafarrak beteko du Ilustratzaileen Txokoa
Bere arkitekto lana artearekin eta ilustrazioarekin uztartzen ditu, eta hilaren 9tik abenduaren 7ra arte egongo da Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan.

Estilo desberdineko artista ugarik bete izan dute Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoa, 2012an ireki zenetik; hala nola Aitziber Alonsok, Jokin Mitxelenak, Estibalitz Jalonek eta Jon Zabaletak. Orain, berriz, Berta Suescun (Gares, 1974) nafarraren txanda iritsi da, eta abendura arte egongo da ikusgai bere lana.
Bere ogibide den arkitektura artearekin eta ilustrazioarekin uztartzen ditu Suescunek, eta album ilustratuari, konposizioari, koloreari edota albumen azalaren diseinuari eskainitako ikastaroekin osatu izan du bere prestakuntza. Eskuz egindakoa eta digitala nahasten ditu bere teknikan, eta bozeto txikiak egitea maite du, gerora eskala handiagoetan jarri eta detaileekin josteko.
Publizitatean aritzen da gehien bat, baina haur ilustrazioan ere aritu izan da; esaterako, Meraki Tanttak proiektu literarioan parte hartu zuen “El niño azul” ipuina ilustratuz, beste ilustratzaile batzuekin batera. Proiektu honen barruan, bi liburu argitaratu zituen. Horrez guztiaz gain, bestelako proiektuak ere argitaratu ditu: “Menudo castillo” albuma (2020), Javier Fernandeekin batera eta Correspondencia (2023) eta Arts Naturae-Natura Artis (2025), Variopintas Kolektiboaren parte gisa, Nafarroako Gobernuarentzat.