Parte Zaharreko auzotarrek prentsaren bidez izan dute haur txokoaren berri
Egoera "tamalgarria" dela adierazi dute, urtetan zehar borrokatutako guztiaren ostean.

Parte Zaharreko bizilagunek lortu dute, jada, 13 urtez luzatu diren aldarrikapenek fruiturik ematea. Haur txokoaren tankerako ekipamendurik ez zuen Donostiako auzo bakarra izan da orain arte Parte Zaharra, eta hiru urteko autogestioari esker mantendu dute nahia gogoan, auzo elkarteak utzitako lokaletan. Irailaren 10ean izango dute, azkenean, hainbeste desiratutako aisialdirako espazio hori.
Berria ez da izan, ordea, eurek espero zutena; izan ere, prentsaren bitartez jakin du auzo elkarteak beren egoera berria: “Tamalgarritzat jotzen dugu urteetan lorpen kolektibo honen alde borrokatu garenoi aldez aurreko jakinarazpenik egin gabe haur txokoa irekitzea”. Esan dutenez, prentsan irakurri eta gero eman diete informazio ofiziala.
Hala ere, auzo elkarteak salatu du ez duela haur txokoaren sorrerari buruzko bilera batean ere parte hartu: “Ez dakigu espazio berri horrek familien benetako beharrei erantzuten dien, nahikoa den edota zeintzuk diren irizpide pedagokikoak, 0 eta 5 urte bitarteko haurrak kanpoan uzteko”.