Inoiz izan duen kartelik «nazioartekoena» aurkeztu du Boga Boga Jaialdiak
30 artista baino gehiagok zapalduko dituzte jaialdiko oholtzak; horien artean, Gotts Street Parkek, Leon Benaventek eta Christian Lofflerrek.

Miramar Jauregiko lorategiak musikaz jantziko dira beste urte batez, Boga Boga Jaialdiaren eskutik. Hilaren 12tik 14ra izango da aurtengo aldia, eta hiru eszenatokitan egongo dira banatuta (bi kanpoan, jauregiaren alde banatan, eta beste bat barruan) disfrutatu ahal izango diren artistak. Gainera, Dabadabak ere kontzertuak eskainiko ditu jaialdiaren aitzakiari helduta: Patricia Wolf eta Loscila entzuteko aukera egongo da bertan, esaterako.
“Jaialdi bat baino gehiago, musikaren inguruko jai bat da; izan ere jai-izaerako ekitaldia da eta dauden espazioetara egokitzen da, azpiegitura handirik edo lekualdaketarik behar izan gabe”, adierazi du antolakuntzak. Donostian sortu zen jaialdia, eta irailero ospatzen dute Miramarren eta, aurten, gainera, inoiz aurkeztutako kartelik “nazioartekoena” osatu dute; soula, rocka, hiphopa, musika elektronikoa eta pop garaikidea entzuteko aukera egongo da, besteak beste.
Easo ere, konplize
Hilaren 13an eta 14an, bertako eta nazioarteko hainbat talderen doako emanaldiak hartuko ditu Amara auzoak. Easo plazan egingo dira kontzertu horiek, eta espazio horretan jarriko da, baita ere, Mercadabadillo azoka. 12:00etatik 18:00etara, 12 kontzertuz gozatzeko aukera egongo da, besteak beste, Zibilito, Tatxers eta Putas Amas taldeekin.
Ikusgai duzue egitarau osoa, eta sarrerak dagoeneko salmentan daude, esteka honetan.