'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' dokumentalak irekiko du Zinemira saila
'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' dokumentala. Donostiako 73. Zinemaldiko Zinemira saila irekiko du Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalak, Inge Mendioroz Ibañezek zuzendutakoak. Maluta* Films ekoiztetxeak ekoitzi du lana, EITBren parte hartzearekin eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mikel Laboa Katedraren (EHU) babesarekin. Era berean, IRUTXULOKO HITZAk ere proiektua babestu du, beste hainbat euskal produkziorekin egin izan duen moduan.
Inge Mendiorozen (Andoain, 1973) bigarren ez fikzioa da aipaturiko lana, eta Irizar saria eskuratu dezake aurten. Artxiboko irudiak eta euskal musika eta literaturaren munduko hainbat pertsonaren aitortzak baliatuz, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako ondu du zuzendari eta muntatzaile gipuzkoarrak, Euskal Herriko kantagintzaren ikur honen bizitza beste ikuspegi batetik kontatzen duen biografia.
“‘Euskal Herriaren nobia’, ‘Joan Baez euskalduna’ eta ‘Ez Dok Amairuren musa’ deitu izan zaio Lurdes Iriondori. Berari buruz hitz egiten ala idazten denean, oraindik ere aipatzen dira termino hauek. Garai baten oihartzun direnak, kalterik egiten ez duten klixe vintage batzuk balira bezala. Baina, askori galdetuta, Ez Dok Amairuko abeslaria izateaz gain, ez dute gehiagorik ezagutuko. Sei urteko lana bizitza oso bat laburbiltzeko, aurreko lana eta gerora egindakoa desagertuz”, gaineratu dute egileek.
Horrez gain, nabarmentzekoa da filmean agertzen diren elkarrizketatuen zerrenda: Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Agurtzane Intxaurraga Etxebarria, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao.


