Donostiako 25 ikaslek hartuko dute parte aurtengo Zinekin programan
Programarako sortu dituzten 'El buffet libre' eta 'Tóxicos' lanak 73. Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dituzte.

Donostiak ordezkaritza du aurten ere Zinekin proiektuan; izan ere, Bidebietako Bideberri institutua eta Mendiola ikastetxea aukeratu dituzte programaren aurtengo aldirako. Mendiola Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako hamar ikaslek eta Bideberriko DBHko 3. eta 4. mailako hamabost ikaslek parte hartu dute proiektuan, eta beren sorkuntzak zerotik lantzen ibili dira, ikasturte osoan zehar.
Ikus-entzunezkoak eta sorkuntza zinematografikoa nerabeei gerturatzeko proiektu gisa jaio zen Zinekin programa, duela 3 urte. Hala, film laburrak ontzeko sormen prozesuan laguntzen du, eta gidoigintzan, zuzendaritzan, interpretazioan, edizioan, eta lan teknikoan jartzen du fokua, beste gauza batzuen artean.
Gazteen begirada da emaitza
Donostiako ikasle horien lanaren emaitza izan dira El buffet libre eta Tóxicos film laburrak. Goizane Álvarez Gipuzkoako Kultura eta Lankidetzako diputatuak bi filmaketak bisitatu zituen proiektuaren hasieran, eta gazteen “konpromisoa, sormena eta begirada bakarra” nabarmendu nahi izan ditu. Azaldu duenez, “nerabeei eta gazteei beren kezkak adierazteko ahotsa ematea” da proiektuak bere baitan jasotzen duen baliorik handiena: “Askotan ikusezin bihurtzen diren arazoak islatuz egiten dute, hala nola integrazioa, arrazakeria, tratu txarrak, osasun mentala edo sexu-identitatea”.
Raquel Romero fundazioko gerentearen iritziz, proiektuaren aldi bakoitza gazteentzako inflexio puntu bat ere izan daiteke: “Edizio bakoitzak erakusten du zinema gazte askorentzat bizi-ibilbidea eta ibilbide profesionala izan daitekeela, baita bizikidetzako eta aniztasuneko esperientzia eraldatzailea ere”.
Donostiako Zinemaldiarekin bat egiten du proiektuak, gainera, eta bi film laburrak honen baitan ikusteko aukera emango dute, hilaren 20ko 17:00etan, Trueba zineman.