Igogailu edo eskailera mekaniko bat jartzeko eskatu diote udalari Uliako bizilagunek

Uliako auzo elkarteak, Ulia-Ategorrietako jubilatu elkarteak eta San Jose Josefinak ikastetxeak Eneko Goia alkateri bidalitako idatzi batean behin eta berriro eskatu duten eskailera mekanikoa edo igogailua jar dezan galdegin diote. 2010etik indarrean dagoen hiri antolamenduko plan orokorrean (HAPO) jasota badago ere, oraindik ez dute gauzatu.
Ulia magaleko bizilagunak nagusiki adinekoak direla gogorarazi diote eta Rodil ibilbidea erabiltzen dutela Grosera edo Jai Alaira joateko. Gaitzetsi dute GOe eraikitzeko lanak gauzatu ahal izateko urbanizazio lan osagarrien proiektuak ez duela HAPOaren “agindua jasotzen” ezta bide publikoei dagokien udal araudia betetzen ere, Rodil bideari ez diotelako 2,50 metroko zabalerako espaloia eta 6 metroko galtzada jarri. Hori horrela, “udala Manteoko orubearen jabe den heinean, hirigintza legeak bete eta betearazi behar ditu”.