Mariana Enriquez idazlea izango da Literaktum topaketetako gonbidatua

Hilaren 17an izango dira aurtengo bigarren Literaktum Topaketak, eta Mariana Enriquez idazlea (Buenos Aires, Argentina, 1973) izango da gonbidatua. Topaketak Okendo Kultur Etxean egingo dituzte, 19:00etan, doako sarrerarekin. Enriquezek Begoña del Teso kazetaria izango du solaskide, eta berrargitaratu berri duten Cómo desaparecer completamente lanaz eta argentinarraren literatur ibilbideaz arituko dira.
“Literatur ibilbide oparoa duen idazlea da Mariana Enriquez, eta askorentzat, Argentinako narratiba berria izenez ezagutzen den taldearen partaide. Beldurrezko generoko eleberri eta ipuinekin lortu du ospea, egunerokotasunaren alde ilunenetik sortzen duen izuarekin”, nabarmendu du Donostia Kulturak.
Jaialdiaren aurrekari
Literaktum Topaketak egitasmoak nazioartean ezagunak diren edo euren ibilbideari errekonozimenduren bat jaso duten idazleak hirira gonbidatzen ditu urtean zehar. 2021 urtetik, , Najat El Hachmi, Leonardo Padura, Petros Markaris, Selva Almada, Jhumpa Lahiri,Olga Tokarczuk Nobel saridun poloniarra, Maxim Osipov idazle errusiarra eta aurtengo apirilean Donostian izan zen Jonathan Coe sortzaile ingelesa izan dira gonbidatu Literaktum Topaketetan. 2025eko azaroaren 10etik 23ra, Literaktum jaialdia egingo dute, eta horren aurrekaria izango da iraileko topaketa.