Jaurlaritzak eta EHUk Israelgo Estatuarekin «konplizitatea» dutela salatu dute ikasturte hasierako ekitaldian
Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, ikasle ugari elkarretaratu dira Ibaetako campusean eta tentsio uneak egon dira.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ikasturteari hasiera emateko ekitaldia egin du asteazken goizean Donostian, Ibaetako campusean, hainbat agintariren parte hartzearekin, hala nola, Imanol Pradales lehendakariarena eta Joxerramon Bengoetxea errektorearena. Ekitaldiaren atarian, hamarnaka ikasle elkarretaratu dira campusean, Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, Israel Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari den genozidioa salatzeko.
Ildo horretatik, manifestariek Eusko Jaurlaritzari eta EHUri leporatu diote Israelgo Estatuaren “konplize” izatea. Era berean, Gazara bidean den Askatasunaren Flotillari elkartasuna adierazi diote: “Ontzidia blokeatzen badute, unibertsitateak hartuko ditugu”.
Hainbat hedabidek jaso dutenez, ikasturte hasierako ekitaldia hastera zihoanean, protestatzen ari ziren ikasleak gerturatu egin dira ekitaldiaren karpara. Une horretan, segurtasun langile batzuk manifestariak urruntzen ahalegindu dira eta tentsio uneak hasi dira. Ondoren, Ertzaintza bertaratu da eta ikasleak ekitaldi gunetik aldendu ditu, baita gerora manifestarietako batzuk identifikatu ere.