Zinema eta ikus-entzunezkoetan bereizitako doako hiru ikastaro, Larrotxenen

Donostia Kulturako Larrotxene bideo zentroak hitzarmena sinatu du Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolarekin, zinemaren eta ikus-entzunezkoen sektorean bereizitako ikastaroak eskaintzeko. Mikrokredentzialetan oinarrituta, 15 ECTS kreditu dituzte, ESCAC ziurtagiriarekin. Parte hartu nahi dutenek 16 urtetik gorakoak izan beharko dute, eta ikastaroaren salneurria %100 diruz lagunduta badago ere, fidantza gisa, 150 euro ordaindu beharko dituzten; ikastaroa osatu eta ziurtagiria lortzen dutenei bueltatuko zaie.
Ikastaroak Larrotxene Kultur Etxeko prestakuntza aretoetan aurrera eramango dituzte, astegunetan, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Lehenengoan izena emateko epea gaur, hilak 10, 11:00etan zabalduko dute, gainerakoena, berriz, ikastaro hasiera baino hilabete lehenago. Izen ematea ESCAC eskolaren webgunearen bidez egingo da.
Hiru ikastaro antolatu dituzte urria eta otsaila bitartea:
- Edizioari aplikatutako gaitasun digitalak, DaVinci Resolve progama erabiliz. Urriaren 1etik 31ra bitartean. Euskaraz. 50 ordu eskolan eta 20 ordu lan autonomoan. Ikus-entzunezko edizio eta postprodukzioko prestakuntza praktikoa da, sektore profesionalean gehien erabiltzen den programetako bat erabiltzeko. Edizioa du ardatz, baina prozesuaren fase guztiak jorratuko dituzte: materialaren antolaketa, soinua, kolorearen zuzenketa eta azken esportazioa.
- Adobe ingurunean Graphics Motionari aplikatutako gaitasun digitalak. Azaroaren 10etik abenduaren 11ra. Euskaraz. After Effects programaren erabilerari heltzen dio, animazioko oinarrizko printzipioetatik hasi eta konposizioko eta efektu bisualetako teknika aurreratuetaraino. Adobe inguruneko hainbat tresna erabiliko dira, hala nola Photoshop, Premiere eta Illustrator.
- Competencias digitales aplicadas a la corrección de color. Urtarrilaren 7tik otsailaren 6ra. Gaztelaniaz. Ikus-entzunezko lan fluxuari aplikatutako kolore digitala zuzentzeko tresnak eta teknikak erabiltzeko prestakuntza emango zaie ikasleei. Ikastaro amaieran ikasleak doikuntza zehatzak egin ahal izango ditu irudien kolorimetrian, planoak berdindu, look espezifikoak sortu eta kolorea kudeatu ahal izangodu industriako araudiak betetzen dituzten proiektuetan
Ikus-entzunezkoen industriaren langile kualifikatu eta profil teknikoen eskaera handiari bideratutako Off ESCAC programa Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioaren eta Europako Batasuneko Next Generation funtsen finantzazioa du.