Errauskailuaren aurkako giza katea egingo dute igandean Kontxan

Urtero moduan, Errausketaren Aurkako Mugimenduak giza katea deitu du igandean, hilak 14, Kontxako hondartzan, Alderdi Ederretik 11:00etan abiatuta. ELA, ESK, LAB, Steilas, CCOO sindikatuek, EH Bildu eta Ezker Anitza alderdiek, eta Eguzki, Ekologistak Martxan eta Donostia Bizirik taldeek babestu dute mobilizazioa. Bertan, beste behin eskatuko dute Zubietako erraustegia ixtea, “beharrezkoa ez den erraustegi garesti eta kutsatzailea”, eta Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetzea.
Mugimenduko kideek ekintzari lotutako irakurketan gogoratu dutenez, aldundiko Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok duela aste batzuk adierazi zuen Gipuzkoak Hondakinen Legeak 2025erako ezarritako helburuak betetzen dituela: %55a gaika biltzea, eta azken urteetako bilakaera ikusita, “goia jotzeko puntuan” dagoela. Bi baieztapen horietan oinarrituta, zenbait zehaztapen egin ditu plataformak. Batetik, gaitzetsi dute Asensiok emaitza horiek bere egitea. “Aurpegia behar du ia hamar urtetan erraustegi garesti eta kutsatzailea eraiki besterik egin ez duenak, gaikako bilketaren domina jarri nahi izateko: urteko bataz bestekoa ez da %1era heltzen. Eta beraien porrota disimulatzeko kafe kapsulen bilketa %27a igo dela esan dute”. Izan ere, aldundiko gobernuan EAJ-PSE egon diren bederatzi urteetan, 2015etik, %7 igo da gaikako bilketa; EH Bilduren legealdiko urte bakarrean, 2014tik 2015era, %6 igo zen.
Bestetik, zehaztu dute Asensio berak aitortu duela “hainbat herritan beheranzko joera atzeman dela azken aldian” gaikako bilketan eta badirela “asko hobetu” dezaketen mankomunitateak. Aldundiko 2024ko datu ofizialen arabera, Sasietan %76,08 gaika bildu da eta San Markon %49,68. San Marko Mankomunitateko herrien artean Hernanin %77,04 bildu da gaika eta Donostian %41,58. Beasainen, aldiz, %77a biltzen da gaika, Irunen %51a eta Zumarragan %71. Hortaz, %50 inguruan edo azpitik dutenek Hernani, Beasain edo Zumarragaren mailara helduko balira, Gipuzkoako gaikako bilketa 15 puntu baino gehiago haziko litzateke. Hala izango balitz, ordea, “arazo bat” agertuko litzateke, Zubietako erraustegiak dituen bi labeetatik bakarra nahikoa dela: “Herri hauek denek gaikako bilketa behar bezala egiten duten egunean are eta ageriago geratuko da Gipuzkoan ez dela erraustegirik behar”.