Hondarribiko aireportutik Donostiara doan autobusak %70 hazi du bidaiarien kopurua uda honetan
Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdigunea zuzenean lotzen dituen E30 linea % 70 baino gehiago hazi da uda honetan, 10.000 bidaiaren muga gaindituz.

Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Dominguezek, jakinarazi duenez, ekainaren 20tik irailaren 7ra arte 10.315 bidaia erregistratu ditu Hondarribiko aireportuko lineak, 2024an baino % 73,67 gehiago, orduan 5.939 egin baitziren. Azaldu duenez, bidaien % 58 (5.980 guztira) Donostiarako noranzkoan egin dira, eta gainerako 4.335 bidaiak Donostiatik irten dira aireportura bidean.
“Albiste bikaina da uda honetan bigarren aldiz funtzionatu duen linea honek hazten jarraitzea, martxan jartzea oso beharrezkoa zela erakusten baitu”, esan du diputatuak. Lineak moldaketak izan ditu hondarribitarrek Donostiara joateko erabiltzen duten autobusa betetzen zutelako turistek. Horrela, uztailaren 21ean, aireportuaren aurrean dagoen E21eko (Hondarribia>Donostia) geralekua bertan behera utzi zen, “aireportuko bidaiarien joan etorriak linea horren eguneroko zerbitzua ez zezan oztopatu”.
“Linea horri esker, nabarmen hobetu dugu aireportuaren lotura garraio publikoaren bidez, eta, beste behin ere, herritarren erantzun oso ona dugu, gero eta gehiago egiten baitute autobusaren alde, aireportutik joan eta itzultzeko”, adierazi du diputatuak. Gainera, gogorarazi du linea horrek ez diela soilik turistei eskaintzen zerbitzua, Hondarribiko aireportua bidaiatzeko erabiltzen duten ehunka gipuzkoarrei zerbitzu ematen diela ere, eta aurreratu du, Lurraldebusek Oarsoaldean eta Bidasoan martxan jarriko duen emakida berrian, zerbitzu hori maletentzako lekua duten autobusekin ematea aurreikusten dela, erabiltzaileen erosotasuna hobetuz. “Herritarren benetako beharretara egokitzeko lineak zabaltzen eta egokitzen eta ordutegiak hobetzen jarraitzea da garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta demokratizatzeko modurik onena, eta bide horretan lanean jarraituko dugu, Gipuzkoan gero eta pertsona gutxiagok ibilgailu pribatu baten beharrik izan ez dezaten bizitza garatu ahal izateko”, adierazi du Azahara Dominguez