Osasuna landuko dute 'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloan
Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute zikloa, eta hiru saio egingo dituzte udazkenean.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute Emakume zientzialarien argitan solasaldi-zikloa. Aurten, giza osasunean eragin zuzena duten hiru faktoreren inguruan arituko dira: ariketa fisikoa, ingurunea eta elikadura. Horretarako, Maialen Araolaza Arrieta ikerketa biomedikoan doktorea, Aitana Lertxundi Manterola Medikuntza Prebentibo eta Osasun publikoko irakasle agregatua eta Eli Gallego Moreiro nutrizionista izango dira zikloko hitzaldiez arduratuko diren hiru emakume zientzialari protagonistak. Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, osasunaren giltzarriak landuko dituzte.
Emakume zientzialarien gainean fokua jartzea da egitasmoaren helburua; izan ere, antolakuntzaren iritziz, “zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira”. Gaur egun, oraindik ere arlo horretan dagoen emakumeen kontrako diskriminazioa salatzen dute antolatzaileek.
Hiru solasaldi, euskaraz
Hilaren 30ean, urriaren 21ean eta azaroaren 6an eskainiko dituzte solasaldiak, eta honakoa izango da programazioa: hilaren 30ean, “Ariketa fisikoa, ongizaterako giltza” hitzaldia emango du Araolazak. Urriaren 21ean, Lertxundiren txanda izango da, ““Ingurunearen osasuna, gure osasuna” hitzaldiarekin. Azaroaren 6ean, azkenik, Gallegok hartuko du hitza, “Zer da elikadura osasungarria?” solasaldiarekin.
Hirurak ala hirurak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Gainera, Donostia Kulturaren DK Irratiko podkastetan eta Elhuyarren “Emakume zientzialarien argitan” podkastean entzun ahal izango dira, solasaldi-zikloan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiekin batera.