Realeko neskek Zubietako futbol zelai berria estreinatuko dute

Etzi, hilak 13, Zubietako futbol zelai berria estreinatuko du emakumezkoen Realak. Orain arte z7 izena zuen azpiegitura zeharo berritu, eta dagoeneko erabilgarri dago. Txuri-urdinek Sevilla hartuko dute 12:00etan, zelai berrian.
Aurrekoaren antzeko dimentsioak ditu, emakumezkoen lehen taldearen eta gizonezkoen lehen taldearen lehiaketara bideratua. Harmaila zabal bat du, 4.000 ikusle hartzeko lekuarekin. Estadioa Zubietako goiko aldean dago, emakumezkoen futbolaren egoitza hartzen duen Izan eraikin estreinatu berriaren ondoan.
Eraikin abangoardista
Izan hiru solairuko eraikin abangoardista bat da, eta 4.500 metro koadroko azalera du. Zubietako goiko aldean kokatuta, esparruaren etorkizuneko sarreran, estalki begetal bat dauka, eguzki plakekin osatua. Egungo egitura handitu da, zelai berriko izkinetako batean bolumena antolatuz, lehendik zegoen eremua hartzeko eta osatzeko.
Entrenamenduari aplikatutako teknologia aitzindaria dauka, esaterako, azken belaunaldiko lurpeko teknifikazio pista, Kubik izenaz ezagunagoa. Emakumeen taldearentzako beste espazio eta erabilera batzuk ere landu dira, esaterako, jantokiak eta espazio gastronomiko bat. Egungo kanpoko aparkalekuaz gain, lurpeko aparkaleku bat dago, ehun plaza ingururekin.
Espazio esklusiboak
Emakumezkoen futbolaren eraikin berriak lehen taldearen instalazioak hartuko ditu. Gune nagusiak elementu hauek osatzen dituzte: emakumezkoen lehen taldearen aldagela, taldearen egiturarako bulegoak, gimnasioa, mediku gela eta fisioterapia gela, bideo gela eta prentsa aretoa. Emakumezkoen egiturako beste hiru taldeentzat, kanpoko taldeentzat eta epaileentzat ere aldagelak egongo dira.