Zurriolan surferako eta bainurako dauden eremuak birplanteatzeko eskatu dio EH Bilduk udalari

Azkeneko uda honetan Zurriola hondartzan bainu bat hartzeko egon diren arazoak azpimarratu nahi izan ditu EH Bilduk: “Bainurako ahalbidetuta eremua oso txikia da, surflarientzat erreserbatutako tarteak ia hondartza osoa hartu duelarik”, azaldu dute. “Urteak dira Zurriola hondartza zonifikatua dagoela, surflarien eta bainu hartzaileen arteko elkarbizitza eta segurtasuna bermatzeko, surfa egiteko eta bainua hartzeko eremuak banatuz”, adierazi dute. Hala, azkeneko urteetan banaketa hori “desorekatua” eta “desegokia” dela salatu dute, eta ez dela, soilik, beraien uste bat: “Sentsazio hori orokorra da bainularien artean”.
Desoreka salatzeak, ordea, ez du dena hutsetik hasterik esan nahi: “Konbentzituta gaude Zurriolako hondartzak surferako hondartza erreferente izaten jarraitu behar duela”. Era berean, uste dute badela garaia, azkeneko urteetako kexen ostean, udalak gaiari heldu eta hondartzaren erabilera “proportzionalagoa” eta “publikoagoa” egin dezan: “Argi duguna da bainu hartzailea ezin dela baztertua sentitu”.