Donostia Hiria sarirako hautagai izango dira Perlak saileko filmak, hamargarrenez

Donostiako Udala hamargarrenez izango da Zinemaldiko Publikoaren Sariaren babesle, Perlak saileko hamasei filmek izango dute hura eskuratzeko aukera. Udalak herritarrei egindako omenaldi gisa planteatzen du saria eta eurek erabakiko dute bozketa bidez zein den film irabazlea.
Perlak saila, jakina denez, nazioarteko beste jaialdi batzuetan saritutako edo goretsitako filmez osatuta dago. Emanaldi guztiak Viktoria Eugenia antzokian egingo dituzte eta film bakoitzaren lehen emanaldira doan publikoak izango du bozkatzeko aukera. Donostia Hiria publikoaren saria bi aintzatespenez osatuta dago: Film Onenaren Saria, 50.000 eurokoa, eta Europako Film Onenaren Saria, 20.000 eurokoa. Saria Zinemaldiaren amaierako galan emango dute.
Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, udalak Zinemaldiarekin duen konpromisoaren arrazoia jaialdiak “mundua osoan ematen dion oihartzuna eta proiekzioa” dira, eta gogoratu du hiri askok amesten dutela A kategoriako zinema jaialdi bat izatearekin, baina ezin dutenak. “Guk badugu halako jaialdi bat, eta merezi bezala baloratu eta zaindu behar dugu”, adierazi du. “Urtean bederatzi egunez donostiarrak buru-belarri aritzen dira Zinemaldiarekin, gure sentitzen dugulako”. Are gehiago, “urte osoan inpaktua sortzen duen jarduera da eta horrek erreferentziazko bihurtzen gaitu mundu osoan; ekimen gutxik lortzen dute hori”.
Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek, berriz, lankidetza horren balioa azpimarratu du, zinemak “inklusiorako baliabide” gisa duen balioa nabarmentzeaz gain. “Zinemaldiak hiriko errealitate sozialekiko sentsibilitatea izaten jarraitu nahi du, eta programazioan ez ezik, horrelako ekintza zehatzetan ere islatu nahi du hori. Ekintza horien xedea ateak irekitzea eta zinema herritar guztiei hurbiltzea da”, adierazi du Rebordinosek.
Langabeentzako sarrerak doan
Sariaren aurkezpen prentsaurrekoak ezagutarazi dute langabeen artean 1.000 gonbidapen banatuko dituztela udalak eta Zinemaldia. Interesa dutenek udalaren webgunean, 010 telefono zenbakian edota Udalinforen edozein bulegotan eskabidea bete beharko dute. Gonbidapenak datorren astelehenetik asteazkenera, hilak 15-17, eska ditzakete langabezian egonik Donostian erroldatuta dauden eta 18 urtetik gorakoak diren pertsonek. Gonbidapenak jasotzeko epea hilaren 17ko 14:00etan amaituko da.